Presoen etxeratzea lortzeko denen bultzada beharrezkoa dela aldarrikatu du Sare dinamikak

Nerea Uranga 2020ko abe. 24a, 20:30

Azpeitiko Sare mugimenduak deituta, Izan bidea dinamikaren barruan, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean herriko plazan. Josu Urbieta Pow eta Gotzon Aranburu preso azpeitiarren etxeratzea lortzeko "denen bultzada" beharrezkoa dela nabarmendu du Sarek. Era berean, urtarrilaren 9rako (17:30) Azpeitian deitutako manifestazioan parte hartzera deitu du.

Josu Urbieta Pow eta Gotzon Aranburu preso azpeitiarrak gogoan izan dituzte gaur, 19:00etan, herriko plazan egindako elkarretaratzean eta ekitaldian. Sare mugimenduak, Izan bidea dinamikaren barruan, antolatutako hitzorduan dozenaka herritar bildu da plazara. Sarek nabarmendu duenez, bi preso azpeitiarrak etxera ekartzeko eta elkarbizitzaren, konponbidearen nahiz bakearen bidean aurrerapausoak emateko herritar guztien bultzada beharrezkoa da. Horregatik, datozen egunetarako jarri dituzten hitzorduetan parte hartzera deitu dute jendea. Abenduaren 30ean, Urbietaren eta Aranbururen abokatuek hitzaldia emango dute, 18:30ean, Sanagustinen. Urtarrilaren 9rako, berriz, manifestaziora deitu du Sarek. Mobilizazioa 17:30ean hasiko da herriko plazatik.

Ekitaldian azaldu dute Gotzon Aranburu presoa Alacanteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) kartzelatik Dueñaseko (Palentzia) espetxera lekualdatuko dutela. "Aurreko astean jaso genuen Aranburu gerturatu egingo dutenaren berria; etxetik 720 kilometrora preso egotetik ia 300 kilometrora egotera igaroko da. Gerturatzeko mugimenduen balorazio positiboa egiten du Sarek. Zalantzarik gabe, etxetik gertuago egoteak onura nabarmenak ekarriko dizkielako etxekoei zein lagunei. Era berean, gradu aldaketak ere aukera berriak irekitzen dizkio Gotzoni, besteak beste espetxeko baldintzak hobetuko dizkiolako".

Dena den, presoen "gerturatzeak ez dira nahikoa" Sareren ustez.  "Gerturatuko duten arren, oraindik ere 600 kilometro egin beharko dituzte Aranbururen senideek zein lagunek hura ikusteko, eta hori guztia, oraindik indarrean dagoen salpuespen legediak oztopatzen du". Sarek azaldu duenez, gaur egun salpuespen legedirik ez balego, bai Urbietak eta bai Aranburuk etxean egoteko aukera izango lukete.

Beraz, bi preso azpeitiarren etxeratzea lortu arte Sarek lanean jarraitzeko asmoa azaldu du. "Erronka ederra dugu aurretik eta denon laguntza beharrezkoa izango da. Gure bultzadaz baino ez direlako eman beharrezko urratsak egingo", adierazi du Sarek.