Koronabirusa Azpeitian

Ostalariek eta merkatariek manifestazioa egingo dute bihar sektorearentzat laguntza eskatzeko

Anartz Izagirre 2020ko abe. 23a, 18:51

18:00etan abiatuko da manifestazioa plazatik. Sektoreak laguntza handiagoa behar duela aldarrikatuko dute mobilizazioan ostalariek zein merkatariek.

Ezohiko Eguberri bezpera izango da biharkoa ostalarientzat eta merkatarientzat; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren aginduz 18:00etarako itxita egon beharko dute taberna, jatetxe, denda eta merkataritza gune guztiek —farmaziek eta gasolindegiek salbu—. Egoera horren aurrean, ostalariek eta merkatariek ezarritako neurrien araberako laguntza eskatuko diete bihar, osteguna, erakunde publikoei. Azpeitiko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Bertan merkatari elkarteak deitu dute manifestazioa, eta 18:00etan abiatuko da plazatik. Antolatzaileek mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei ere.