Koronabirusa Azpeitian

Jaione Badiola: "Txinan, birusa azaldu aurretik bezalakoa da gure eguneroko bizitza "

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 24a, 11:24

2016ko abuztuaz geroztik Txinan bizi da Jaione Badiola (Urrestilla, 1973). Lana tarteko joan zen hara; izan ere, Cikautxo Chinako arduradun nagusia da. Koronabirusak herrialde horretan zer bilakaera izan duen azaldu du.

Lana tarteko bizi zara Txinan. Familiarekin zaude hor, ezta?

Bai, momentu honetan, bi semeekin nago. 2019an, Poloniako merkantziak garraiatzeko hegazkinetan pilotu gisa hasi zen lanean senarra, eta hori dela eta eta COVID-19ak eraginda, abuztuaz geroztik ni eta bi semeak bakarrik gaude Txinan.

Txinan agertu ziren koronabirusaren lehen kasuak. Orain, mundu guztia hankaz gora dago birus hori tarteko, baina hor nahiko ondo zaudete, ezta?

Bai. Gure eguneroko bizitza birusa azaldu aurretik bezalakoa da.

Maskararik gabe al zabiltzate? 

Ez beti. Hemen, lehen ere, kutsadura handia zegoenean, maskara erabiltzen genuen. Orain, gainera, merkataritza guneetan, ospitaleetan, metroan... maskara erabiltzen dugu.

Lantegietan ere normal ari al da lanean jendea?

Ba, erabat. Gainera, hemen ez dugu krisi ekonomikoaren inolako zantzurik.

Zein izan da Txinako Gobernuaren jarrera herrialde horretan hain egoera ona izateko egun?

Urtarrilaren 27tik maiatzera arte eskolak itxita egon ziren; gainera, urtarrilaren 27tik otsailaren 11ra arte lantoki guztiak itxi zituzten. Gero, herritarrak lurralde batetik bestera mugitzen baziren, hamabost eguneko berrogeialdia egin behar zenuen nahitaez; inor ez zen libratzen horretatik. Ondoren, kasu positiborik ez zegoela ikusi zutenean, jendea kalera irteten hasi zen. Dena dela, ordura arte beren bizitza honelakoa zen: etxetik lanera eta lanetik etxera, besterik ez zuten egiten.

Gobernuak oso neurri zorrotzak hartzen ditu gaur egun ere Txinan. Kasu pare bat agertuz gero, denak etxera bidaltzen zaituztete, ezta?

Bai eta ez. Kasuak dauden lekuetan, konfinamendua ezartzen dute. Gainera, gobernuak erabakitzen badu herritarrek etxean egon behar dutela, txipak jartzen dituzte etxetik ez zarela irteten ziurtatzeko. Era berean, gobernuak erabaki dezake itxialdia berrogeialdi zentro batean egin behar dela.

Mugak irekita al daude?

Muga batzuk bai, eta besteak ez. Bisa lortzea, ordea, oso zaila da. Gainera, herrialdetik irteten bagara, berriro herrialdera sartzeko, PCR proba eta odoleko analitika egin behar izaten ditugu zentro ofizialean. Gero, Txinara iristean, derrigorrezkoa da hamabost egunez hotel zentralizatu batean egotea.

Uste duzu hobe dela horrelako neurri zorrotzak aplikatzea, egoera azkar hobetzeko balio badute?

Bai eta ez. Txinatarrak eta euskal herritarrak desberdinak gara, eta bakoitzaren nortasuna errespetatu beharra dago. Hemen funtzionatzen duenak ez du zertan beste herrialdeetan funtzionatu.

Euskal Herriko egoera jarraitzen al duzu? Zer iruditzen zaizkizu hemen hartzen ari diren neurriak?

Jarraitzen dut egoera, bai. Dena dela, kanpotik zerbait esatea oso erraza dela iruditzen zait. Izan ere, ez da batere erreza egoera honen aurrean erabakiak hartzea.

Txinan igaroko al dituzu Gabonak?

Bai, hemen geldituko gara, eta lasai-lasai igaroko ditugu Gabonak. Gaur gauean hirurok afalduko dugu, goxo-goxo. Bihar, berriz, balleta ikustera joango gara, eta gero, nirekin lan egiten duten bi bizkaitarrekin joango gara afaltzera.

Nola aurreikusten duzu etorkizuna?

Ez daukat ideiarik ere nolakoa izango den etorriko dena, baina pazientziarekin hartu beharko dugu guztia. Momentuz, hemen jarraituko dugu bizitzen. Unean unekoa bizi behar dugu, eta pausoka-pausoka jarraitu behar dugu aurrera egiten.