Elkarrizketa

Leire Iriarte: "Egurrak naturala behar du izan, eta harreman batek ere bai"

Ainhoa Aira 2021ko urt. 2a, 09:00
Leire Iriarte arotza.

Arotza da Leire Iriarte, eta berari egokitu zaio hil honetan Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Nola iritsi zara lanbide horretara?

Dekorazioa ikasi nuen, eta familiako enpresa dugunez, bertan hasi nintzen lanean duela 22 urte inguru. Orain, aita, ahizpa eta beste langile batzuekin egiten dut lan.

Emakume arotzak gutxi izango dira Azpeitian. Nola bizi duzu hori?

Nik dakidala, bi edo hiru emakume arotz egongo dira herrian. Oraindik ere zaila da emakume arotza izatea; jendeak arotzekin pentsatzean, ez du emakumerik irudikatzen. Hala ere, bezero asko harritu eta poztu egiten dira emakume arotzak ikustean.

Eskuekin gauza harrigarriak egiten dituzue arotzek. Zein da zure eskuen espezialitatea?

Marrazketa linealean abilezia berezia dut.

Nolakoa behar du zure gustuko egurrak? Eta gustuko harreman batek?

Egurrak naturala behar du izan, den bezalakoa. Harremanek ere bai.

Arotzaren trajeak sexy egiten al du pertsona?

Begiratzen duten begien araberakoa izaten da hori. Niri zaila egiten zait sexy sentitzea laneko arropekin.

Zertan du egurre Leirek?

Errietan, etxean "sarjentu" deitzen didate [barrez]. Baina mendian ere egurra dut.

Etxe batera ate berria jartzera joan eta noizbait gonbidapen bereziren bat jaso al duzu?

Bai, batzuk egon izan dira. Ez dago etxe batera joan beharrik, telefonoz ere egin izan didate gonbidapen bereziren bat.

Atea irekita edo itxita?

Beti irekita, naizen bezalakoa ikus nazaten.

Laneko zein erremintak ematen dizu boterea?

Mailuak. Behar izanez gero, gauzak ti-ta egiteko aukera ematen du.

Egurraren suak etxea berotzen du, zerk berotzen zaitu zu?

Benetako maitasunak. Eguneroko detaileek, eguneroko hitzek… Maitatua eta desiratua sentitzeak.

Usain eta kolore erotiko gustuko bat?

Larrosa usaina eta arrosa pastela.

Zuhaitz azpian edo maindire azpian?

Zuhaitz azpian.

Gabon hauetan zure buruari egiteko opari erotiko bat?

Lentzeria politen bat, agian.

Urte berri eta mundu berriarekin batera, erronka berririk?

Hiru hilabetetik behin asteburu eder bat pasatzera joatea lagunekin, bikotearekin edo familiarekin. Eta beste bat, behintzat, ni neure buruarekin.