Torrelavegan lortutako garaipenarekin, gertuago du Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Kopa

Anartz Izagirre 2020ko abe. 23a, 16:16
Alega eta Juaristi ISBren arteko partidako irudia. (Hugo Gomez)

84-87 nagusitu ziren Iñaki Jimenezen mutilak Torrelavegako (Kantabria, Espainia) Alega taldearen aurka. Jarraian lortutako bederatzigarren garaipenarekin hurbilago du Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Kopa, sailkapeneko lehen postuan baitago Azpeiti-Azkoitiko taldea.

Garaipen gozoa erdietsi zuen Juaristi ISB taldeak atzo, asteartea, Alega taldearen aurka. Iñaki Jimenezek zuzendutako taldeak 84-87 irabazi zuen Torrelavegan (Kantabria, Espainia), eta bederatzigarren garaipena du jarraian etxeko taldeak. Atzoko norgehiagokak, gainera, Zilarrezko LEB Koparen finaletik gertu utzi ditu Azpeiti-Azkoitiko mutilak, 11. jardunaldiaren ostean sailkapeneko lehen postuan baitaude.

Datorren norgehiagoka Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Juaristi ISBk, urtarrilaren 3an, Zornotza Saskibaloi Taldearen aurka. Lehia gogorra aurreikusten da kantxan, sailkapeneko hirugarren postuan baitago Bizkaiko taldea.