Koronabirusa Azpeitian

Murrizketa berriak iragarri ditu Jaurlaritzak datozen jaiegunetarako

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 22a, 20:35

Gabonetako otorduetan gehienez hamar lagun elkartu ahalko dira, baina muga hori sei lagunera jaitsi dute Urtezaharretarako. Etxeratze agindua ordubete aurreratuko dute Gabonetan eta Urtezaharretan, 00:30era. Taberna, jatetxe eta denda guztiak 18:00etabn itxi beharko dituzte jaiegunetan eta horien bezperetan.

Joan den abenduaren 12tik indarrean diren neurri murriztaileak zorrozteko aukera mahai gainean zuen gaur Eusko Jaurlaritzak, eta datozen jaiegunetarako ezarritako neurri berezi horiek zorroztea erabaki du azkenean, LABI aholku batzordearen gomendioak jarraituta. Horrela, Gabon, Eguberri, Urtezahar, Urteberri eta Errege egunetan eta horien bueltan ezarriko dituzten ordutegi, mugikortasun eta biltze mugak jakinarazi ditu Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

Bihar argitaratuko du Jaurlaritzak neurri berriak jasoko dituen dekretua, eta gauerdian (abenduaren 24ko 00:00etan, alegia) indarrean sartuko da dekretu hori. Hauek dira aldaketa nagusiak:

  • Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauetan, 00:30era aurreratu dute zirkulazio-muga edo etxeratze agindua. Orain arte indarrean zen dekretuan, 01:30ean zegoen muga hori. "Helburua da pertsonen bilkuretarako denbora eta mugikortasunerako ordutegiak ahalik eta gehien mugatzea", dio Jaurlaritzak zabaldu duen oharrak.
  • Gabonetako otorduetan gehienez hamar lagun elkartu ahalko dira, abenduaren 11ko dekretuan jasota zegoen bezala, baina muga hori sei lagunera jaitsi dute Urtezaharretarako.
  • EAEko hiru lurraldeen konfinamendu perimetralaren altxatzea ere egun gutxiagotara mugatuko du Jaurlaritzak dekretu berriarekin, eta murrizketa horrek ere Urtezaharretako ospakizunekin du lotura. Horrela, abenduaren 23tik 26ra Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mugetatik kanpora mugitzeko aukera izango da, orain arte ezarrita zegoen bezala; baina urte amaieran, abenduaren 31tik urtarrilaren 1era mugatuko dute konfinemandu perimetrala altxatzea, eta ez abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, aurreko dekretuan jaso zuten bezala.
  • Taberna, jatetxe. denda eta merkataritza gune guztiak –farmaziak eta gasolindegiak salbu– 18:00etan itxi beharko dituzte abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an. "Egun horietako azken orduko erosketetan pilaketak saihestu nahi ditugu, baita egun horietako azken orduetako tabernetako jende pilaketa tradizionalak ere", dio Jaurlaritzak. Gainera, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an, ostalaritza eta merkataritza establezimenduak ezingo dira 09:00ak baino lehen ireki.
  • Debekatuta egongo da kotilloiak eta otorduak egitea hoteletan, landetxeetan, kanpinetan edota antzeko establezimenduetan, Urtezahar, Urteberri, Errege bezpera eta Errege egunetan. Kanpinetan, gainera, ezingo dute bezero berririk hartu abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, abenduaren 28rako bertan ostatu hartuta ez badaude. "Hotelak, landetxeak eta turismo-ostatuak beren etxeetan gizarte osoarentzat ezarritako mugak gainditzen dituzten ospakizunetarako erabili ahal izatea saihestu nahi da", dio Jaurlaritzaren oharrak.