Pilotaria

Oihana Orbegozo: "Bikote bezala osotasun handiagoa erakutsi genuen"

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 23a, 10:01
Oihana Orbegozo, igandean irabazitako txapela eskuetan duela.

Pandemiak sortutako egoera tarteko pilota ia baztertuta izatetik, Binakako Emakume Master Cup Txapelketa irabaztera. Hilabete gutxian asko aldatu dira gauzak Orbegozorentzat (Azpeitia, 1985).

Hartu al duzu garaipena ospatzeko tarterik?

Arrigorriagara bi lagun eramateko aukera nuen, eta lagun batekin eta semearekin joan nintzen. Finalaren ondoren hantxe bertan mokadu bat egin, kafetxoa hartu eta etxera bueltatu ginen. Etxean txanpain pixka bat hartu genuen ospatzeko, eta astelehen goizean, lanera.

Gogorra izan zen finala, pilotakada asko jo zenituzten eta luze jo zuen. Nola bizi izan zenuen?

Finala gogorra izango zela aurreikusten genuen, eta hala izan zen. Bagenekien Patri [Espinar] eta Naroa [Agirre] oso-oso ondo zeudela. Guk bagenuen konfiantza geure buruekin, baina bagenekien borroka asko egin beharko genuela, hasieratik. Beraiek hobeto hasi ziren, aurretik jarri ziren, niri pilota baztertuz eta atzean eutsiz. Baina guk geureari eutsi genion, lanean, eta borroka eginez. Seguru aritu ginela uste dut, batik bat Amaia [Aldai] defentsa lanean, eta aukera zuenean tantoa eginez. Naroa ere oso ondo aritu zen, eusten eta ematen; Patrik, aldiz, ez zuen bere egunik onena izan, eskuek ez ziotelako lagundu, agian. Bikote bezala osotasun handiagoa erakutsi genuen, eta hori izan zen gakoa.

Bistan da ondo moldatu zarela Amaia Aldairekin. Zer moduzkoa izan da harekin bikotea osatuta jokatzea?

Amaiaren kontra jokatuta nengoen, banaka zein binaka, baina inoiz ez nuen berarekin bikotea osatuta jokatzeko aukerarik izan, orain arte. Egia esan, oso gustura aritu naiz berarekin. Pilota mistoarekin jokatu dudan lehen txapeketa izan da hau, baina bera ohituagoa zegoen pilota klase horrekin jokatzera, Banekien lan ona egingo zuela, oso ondo moldatzen da, pilotari azkarra eta indar handikoa da, pilota bizi erabiltzen du. Banekien aurrean berme bat neukala eta nire helburua zen segurtasuna mantentzen hastea, pilotakada errazik ez galtzea behintzat, aurrera joan ahala segurtasun hori eta konfiantza indartzeko.

Orain arte pilota goxoarekin jokatu izan duzu. Aldaketa handia izan al da pilota mistoarekin jokatzea?

Aldea nabaritzen da, eskuak babesteko modutik bertatik. Goxoarekin, hamar minutu nahikoak nituen, esparatrapu pixka bat erabilita, eskuak babesteko. Pilota mistoak, ordea, beste lan bat eskatzen du eskuak babesterakoan, eta ordu batzuk pasatzen dira, nola egin behar den ikasteko, eta babesak ondo eta behar bezala jartzeko. Eta inportantea da eskuetan babesak ondo jartzea, bestela eskuak minberatu egiten direlako eta denbora asko pasatzen delako horiek bere onera ekarri arte. Pilota azkarragoa ere bada mistoa, eta frontoian jartzerakoan edota kolpea ematerakoan antzematen da hori; kolokazioari dagokionez azkartxo ibili behar duzu, erreflexu gehiagorekin.

Txapelketa laburra izan da, hiru partida baino ez dituzue jokatu.

Lau eta erdiko txapelketa jokatzea zen asmoa, harako izen-ematea ireki zuten, baina pandemiaren eraginez, ezin izan zen hura jokatu. Horregatik antolatu zuten binakako txapelketa hau, zortzi bikoterekin bakarrik.

"Bultzatu nindutelako itzuli nintzen pilotara", esan zenuen finala bukatutakoan, eta entrenamendu kideei eskaini zenien txapela. Nortzuk izan dira horiek?

Koronabirusak sortutako egoera dela eta ez dela, pilota erdi utzita nengoen. Udan Plazandreak saioa egin zuen ETBk, eta hor pilota mistoarekin jokatzen hasi ziren. Saioan parte hartu zutenetako batzuek Latasan (Nafarroa) entrenatzen dute, lagunak ditut, eta probatzera animatu ninduten. Latasara joaten hasi nintzen: takoak jarri, pilotarekin pixka bat probatu... Hango kuadrillak animatuta eman nuen izena lau eta erdirako ere.

Erabakita al zenuen pilota uztea?

Ez nuen erabat uztea erabaki, baina bai erdi utzita neukala pilota, egoera honen bilakaera ikusi arte eta gauzak lehengo baldintzetara itzuli arte, nolabait.

Arrigorriagan eta Artean ere ibili zara entrenatzen. Gertuago aukerarik ez al duzu izan?

Latasara joanez ibili nintzen mugak itxi zituzten arte. Hemen, berriz, frontoiak erabiltzeko arazoak zeuden, eta neure kasa eta bakarka aritzen nintzen, eskuak egiten eta pixka bat piloteatzen, eskuak baikere mantentzeko, txapelketari begira. Finalaurrekoetara sailkatu ginenean, berriz, entrenamenduak egiteko mugitu ahal izateko baimena eman ziguten, eta Amaiarekin entrenatzeko pare bat buelta egin nituen Arrigorriagara eta Arteara (Bizkaia).

Iaz sanferminetako torneoa, orain binakakoa... Ari zara palmaresa osatzen.

Iruñean irabazi nuenean esan nuen nire biziko txapela zela hura, eta orain bigarrena lortu dut. Oso gustura nago, ez nuen berehalakoan pentsatuko. Bigarrena etorri da eta hor segituko dugu, besteren bat iristen bada ere.