Koronabirusa Azpeitian

Hilabete pasatxo eta gero, positiborik ez dute atzeman herrian

Julene Frantzesena 2020ko abe. 22a, 13:09

Positiborik atzeman ez badute ere, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak altua izaten segitzen du: 750,58 da. Orotara, azken hamalau egunetan, 113 lagunek eman dute positibo Azpeitian. Joan zen azaroaren 19tik ez du etenik izan positiboen kontaketak. Hego Euskal Herrian ere behera egin du positibotasun tasak.

Azaroaren 19ik ez du etenik izan positiboen kopuruak Azpeitian, baina atzo, hilabete pasatxoren ostean, Osakidetzak ez zuen positiborik detektatu Azpeitian. Dena den, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du jakinarazten herriz herri zenbat proba gauzatzen dituen, eta beraz, ez dago baieztatzerik atzokoa salbuespena izan zen edo joera baten hasiera den.

Positiborik atzeman ez badute ere, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak altua izaten segitzen du; izan ere, azken hamalau egunetan Azpeitiko 113 lagunek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan. Atzo baino zertxobait baxuagoa da tasa –750,58 da gaur eta 757,22 zen atzo–. Tasa horrek, beraz, egunak beharko ditu 500etik behera kokatzeko.

Urola Kostan ere azken aldiko positibo kopuru baxuena atzeman du Osakidetzak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hiru positibo besterik ez zituen zenbatu atzo egindako PCR eta antigeno probetan. Hiru positibo horiek Zarautzen eta Zestoan detektatu zituen atzo Osakidetzak; bi positibo eta bat, hurrenez hurren. Gainerako herrietan ez dute kasurik zenbatu.

Hego Euskal Herriko tasa beheraka

Hego Euskal Herrian jaitsiera txiki bat izan du positiboen kopuruak: Osakidetzak eta Osasunbideak atzo gauzatutako PCR eta antigeno probetan 386 positibo atzeman zituzten, herenegun baino 11 gutxiago. Nafarroan 1.665 egin eta 79 positibo zenbatu zituzten, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan proba egin zuten 7.660 lagunetatik 307k eman zuten positibo –Araban 61ek, Bizkaian 141ek, Gipuzkoan 103k eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste bik–. Beraz, Hego Euskal Herrian atzo proba egin zuten 9.325 lagunetatik %4,1ek eman zuten positibo.

Dena den, ospitaleetako egoerak ez du hobera egin azken orduetan. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 53 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren ondorioz, eta gaur egun, 323 dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan diren lagunak. Herenegun baino sei lagun gehiago daude ospitaleratuta, baina egoera duela astebete baino hobea da: orduan 344 lagun zeuden erietxeetan. Hiru lurralde horietako ZIUetan dauden pertsonen kopuruak ere behera egin zuen atzo: 92 lagun daude egun unitate horietan, herenegun baino bost gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako egoeraren gaineko datuak jakinarazi oraindik.