Sariak banatuta, ireki dute Zuhaitza argazki lehiaketaren erakusketa

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 21a, 17:35

Gaur eguerdian egin dute Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak Juan Joxe Agirreren oroimenezko lehiaketaren sari banaketa. Betharrameko erakusketa aretoan ikus daitezke gaurtik argazkirik onenak, urtarrilaren 10a bitartean.

Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) eta Lagun Onak Mendi Bazkunak gaur banatu dituzte Zuhaitza argazki lehiaketaren sariak. Jose Antonio Fernandez bilbotarrak irabazi du Juan Joxe Agirre zenaren oroimenezko lehiaketa, Fuego izeneko argazkiarekin. Iñaki Aranburu azpeitiarrarentzat izan da bigarren saria, Bi zuhaitz argazkiagatik, eta Carlos Mediavilla urretxuarrak osatu du lehen hiru sailkatuen zerrenda, Urbasa izeneko argazkiarekin. Lehiaketan banatu duten laugarren saria, hiru sari nagusietatik kanpo gelditu den lehen azpeitiarrarena, Julen Juaristirentzat izan da, Juanjon omenez 1 argazkiarekin.

Agirreren senitartekoek parte hartu dute gaur eguerdian Betharramen egin duten sari banaketa ekitaldian, eta antolatzaileen zein Azpeitiko Udalaren eta Nagore Alkorta alkatearen aitortza ere jaso dute.

Sariak banatzearekin bat, martxan jarri dute AAEk eta Lagun Onak MBk Zuhaitza lehiaketaren erakusketa. Bertan, saritutako argazkiak ez ezik, lehiaketaren finalerako sailkatu ziren 45 lanak ere ikusgai jarri dituzte. Urtarrilaren 10a arte, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara irekiko dituzte Betharram aretoko ateak.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)