Oier Ibarguren: "Gustura nago Caja Ruralek beste sasoi bat egiteko aukera eman didalako"

Nerea Uranga 2020ko abe. 21a, 08:57

Oier Ibarguren txirrindulariak beste sasoi baterako fitxatu du Caja Rural-Seguros RGA taldearekin; denboraldi berrian ere elite mailan ariko da, 23 urtetik gorako afizionatuetan. Gustura ari da entrenatzen eta sasoi betean dagoela dio. "Lasterketak irabazten" hasi nahi du denboraldia otsailean.

Oier Ibarguren (Azpeitia, 1997) txirrindularia elite mailan, 23 urtetik gorako afizionatuetan, aritu zen aurreko denboraldian, Caja Rural-Seguros RGA taldeak fitxatuta. Orain berritu egin du talde horrekin zuen kontratua, eta otsailean hasiko dute sasoi berria. Kontratua berrituta gustura dago txirrindularia: "Aurreko denboraldiarekin ez nintzen batere gustura gelditu; urte txarra izan zen. Gainera, taldean garbiketa handia egin duten arren –jende asko bota dute taldetik–, ni kontuan hartu naute. Konfiantza jarrita dute nigan, eta hori nigandik zerbait espero dutelako izango da. Beraz, gustura nago Caja Ruralekin fitxa berrituta".

Otsailaren hasieran dute denboraldi berriko lehen lasterketa, eta "entrenatu eta entrenatu" ari dela dio. Prestaketa saio baten erdian hitz egin zuen Uztarria.eus-ek atzo, igandea, 11:50ean Ibargurenekin: "Egunero entrenatzen dut. Gaur, lau ordu eta erdiko entrenamendua egitea egokitzen zait, eta dagoeneko hiru ordu egin ditut. Orain, Irunen [Gipuzkoa] nago, indarrak berreskuratzeko kafe bat hartzen. Hori hartu ahala entrenamenduarekin jarraituko dut". 

Sasoi betean dagoela aitortu du txirrindulari azpeitiarrak: "Aurreko urteetan baino indartsuago nago, puntu bat gorago. Gainera, pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerarekin, beste zereginik ere ez dago, eta prestaketak kontzentratuago egiten ari naizela esango nuke. Bizikletan zentratuta nago". Denboraldi berria "irabazten" hasi nahi du Ibargurenek, "topera". Helburu hori buruan, gustura ari da entrenatzen.