Koronabirusa Azpeitian

Beste hemezortzi positiborekin, 730etik gorakoa da Azpeitiko intzidentzia tasa

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 18a, 13:06

Joan den asteko ostegunaz geroztik, etenik gabe igo da herriko intzidentzia tasa; astebetean, duela hiru asteko mailara bueltatu da.

Herrian beste hemezortzi positibo baieztatu dituztela jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Atzemandako positibo berriei dagokionean, atzokoa izan da aspaldiko egunik beltzena. Azaroaren 11 izan zen egun bakarrean horrenbeste positibo zenbatu zituzten azkena. Ordukoan ere hemezortzi izan ziren, eta 1.315ekoa zen herriko intzidentzia tasa. Gaur baxuagoa da, 730,65ekoa hain zuzen, baina azken egunotako joera ikusita ez dago baikorrak izateko motiborik. Duela bi ostiral 34 ziren astebetean herrian zenbatutako positiboak eta 431,75koa zen intzidentzia tasa; joan den ostiralean 35 ziren astebeteko positiboak eta 438,39koa tasa; eta gaur 75 dira azken zazpi egunotan baieztatu dituzten positiboak eta 730,65ekoa da tasa.

Intzidentzia tasa neurtzeko azken hamalau egunetan herrian izan diren positiboak hartzen ditu kontuan Jaurlaritzak, eta horiek 100.000 biztanleko eskalara pasatzen ditu. 2019ko biztanleria datuak hartzen ditu kontuan horretarako. Azpeitian 15.055 lagun bizi badira, azken hamalau egunetan gehienez 75 positibo egon behar dute 100.000 biztanleko 500eko muga horren barruan sartzeko; horrela, zehazki, 498,17an kokatzen da herriko intzidentzia tasa. Azken hamalau egunotan, baina, 110 positibo zenbatu dituzte Azpeitian, 75eko muga hori baino dezente gehiago.

Hainbat astetan 500eko muga horren oso gainetik ibili ostean, Azpeitiak abenduaren 1ean lortu zuen Eusko Jaurlaritzak eremu gorria deitzen dion hori atzean utzi eta laranjan sartzea. Ia bost asteko itxialdiaren ostean, joan den larunbatean, 500etik beherako tasa zuten herrietako tabernei irekitzeko baimena ere eman zien. Baina Azpeitiaren kasuan hiru egun besterik ez zuen iraun irekiera horrek, asteburuan berriz ere 500eko langa gainditu baitzuen intzidentzia tasak, eta asteleheneko berrikusketan ateak itxiarazi zizkien herriko tabernei. Ordutik hona, bilakaerak okerrera egin du. Horrenbestez, Santo Tomas egunean eta abenduaren 24an eta 25ean itxita egongo dira tabernak, eta ikusteko dago zer gertatuko den urte bukaerara begira. 

Eskualdeko gainontzeko herriak, txukun

Eskualdean ere gora egin du positiboen kopuruak. 27 zenbatu zituzten atzo, herenegun baino zortzi gehiago, baina Azpeitiko hemezortzi positiboak dira igoera horren erantzuleak. Gainontzeko herrietan bederatzi zenbatu zituzten orotara: lau Zumaian, hiru Zarautzen eta bana Getarian eta Orion. Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, bakar bat ere ez.

Aste osoko datuak kontuan hartzera, Azpeitiaren atzetik Zarautz izan da positibo gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria, 39, eta 339,04ko intzidentzia tasarekin, eremu laranjan dago. Eremu horian daude, berriz, Azkoitia, Orio eta Zumaia. Azkoitian 26 positibo atzeman dituzte azken zazpi egunotan, eta 291,93koa da hango intzidentzia tasa; Orion zazpi dira azken astean atzemandako positiboak, eta 164,99ekoa da han tasa, eta Zumaian, hamalau positiborekin, 173,03koa da tasa. Eskualdeko gainerako herriak ez dira sartzen Jaurlaritzaren koloreen eskeman, 5.000 biztanle baino gutxiago dituztelako. Zestoan bost positibo atzeman dituzte azken astean, Aian hiru eta Getarian bi. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen bakar bat ere ez. Astebetean, denera, 171 positibo baieztatu dituzte eskualdean.

Hego Euskal Herrian, gorabehera handirik gabe

Hego Euskal Herrian 528 positibo hauteman zituzten atzo, eta 520 izan ziren herenegun, gorabehera handirik ez da izan beraz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.787 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta horietatik 465ek eman zuten positibo, bezperan baino 69 gehiagok. Positibotasun tasak ere zertxobait gora egin du, %3,1etik %3,6ra. Bizkaian 193 positibo zenbatu zituzten, 191 Gipuzkoan, eta 78 Araban.

Erietxeetako presioa duela astebete baino txikiagoa da. Joan den ostiralean 506 lagun zeuden ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; horietatik 112 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Gaur, ostera, 413 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 98 daude ZIUn.

Nafarroan, ostera, beherakada nabarmena izan du positibo berrien kopuruak. Herenegun 124 zenbatu zituzten, eta atzo 63. Positibotasun tasak ere nabarmen egin du behera: herenegun %6,8koa zen, eta atzo, egin zituzten 1.830 PCR eta antigeno testetatik % 3,4k eman zuten positibo.