Kudeaketa Aurreratuaren Sariak eskuratu dituzte UKTk eta Domusa Teknikek

Domusa Teknikeko ordezkaria, saria jasotzen.

Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo, eta sariak jaso dituzte Urolako Komunikazio Taldeak eta Domusa Teknikek. Domusa Teknikek maila aurreratueneko ziurtagiria eskuratu du –Urrezko A–, eta UKTk lehen pausoa eman du, diploma eskuratuta. 

Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo, osteguna, Bilboko Euskalduna jauregian. Erakundeak kudeatzeko Euskal Herrian garatutako sistema bat da Kudeaketa Aurreratua deitzen zaiona, eta helburua honako hau da: erakundeak hobeto kudeatzea. Bide horretan, sari batzuk banatzen ditu Euskalitek (Kudeaketaren Bikaintasunerako Euskal Fundazioak), Kudeaketa Aurreratuaren Eredua oinarri hartuta enpresek egiten dituzten hobekuntzak aitortzeko. 2020ko sari banaketan, ziurtagiriak jaso dituzte Uztarriak eskualdeko komunikabideekin batera osatutako kooperatibak –Urolako Komunikazio Taldeak (UKT)– eta Errezil eta Azpeitia artean kokatzen den Domusa Teknikek.

Maila ezberdinetan sailkatuta banatzen dituzte Kudeaketa Aurreratuaren Sariak, eta Domusa Teknikek maila aurreratueneko ziurtagiria eskuratu du: Urrezko A, hain zuzen ere. Saria Joseba Otaegi kooperatibako Errektore Kontseiluko lehendakariak jaso zuen atzo, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuaren eskutik. Aurten lau erakundek lortu dute bereizketa hori: irakaskuntzako bik, osasuneko batek eta industriako beste batek; Domusa Teknik izan da industria arloko Urrezko A saria jaso duen enpresa bakarra.

Urolako Komunikazio Taldeak, berriz, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduan lehen pausoa eman du: diploma eskuratu du. Urtebete baino ez da kooperatiba sortu zela, eta UKTko arduradunak "pozik" daude denbora horretan kudeaketan aurrerapauso hori eman ahal izan dutelako. Gainera, erakundeko ordezkariek azaldu dute bide horretan urratsak egiten jarraitzeko asmoa dutela.

Kudeaketa Aurreratuaren Eredua

Kudeaketa Aurreratuaren Ereduak funtsezko bost elementu jasotzen ditu: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea eta berrikuntza. Ebaluazioaren oinarria da erakundeek horietako bakoitzean lortutako garapen maila eta lortutako emaitzak aitortzea.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide