Olentzero eta Mari Domingi aurten ez dira herrian izango, baina gutunak bidaltzeko postontziak jarriko dituzte

Anartz Izagirre 2020ko abe. 18a, 10:02
Olentzero eta Mari Domingi, plazan, iazko Gabonetan. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, aurten Olentzeroren eta Mari Domingiren ekitaldirik ez egitea adostu dute eragileekin. Gutunak bidaltzeko postontziak jarriko dituzte, ordea, igerileku aurrean, anbulatorio aurrean eta udaletxe azpian.

Sei egun besterik ez dira falta Euskal Herriko haur eta gaztetxoen egun handirako; urtero bezala, Olentzero eta Mari Domingi herritarren etxeetatik igaroko dira, opariak zein ikatza uztera. Osasun krisiak, ordea, plazan urtero egiten zaien ongietorria zapuztu du.

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, gaur, ostirala, herriko ikastetxeak bisitatuko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik, baina Eguberri bezperan ez dira ohi bezala herriko haurrekin plazan elkartuko. Udalak nabarmendu du ekitaldia antolatzen duten kultur eragileekin eta ikastetxeekin adostu dutela erabakia.

Ongietorririk izango ez bada ere, udalak postontziak jarriko ditu herrian Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak bidali ahal izateko, eta haiek herritarrei mezu bat helaraziko diete udalaren bitartez. "Ukitu ezin badira ere, ikusi, entzun, sentitu eta sumatuko dira herrian", azaldu du erakundeak. Postontziak igerileku aurrean, anbulatorio aurrean eta udaletxe azpian jarriko dituzte.