Arantxa Oñederra: "Biktima guztiak ez dituzte modu berean zaindu eta defendatu"

Andoni Elduaien 2020ko abe. 18a, 11:00

Bihar 37 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra 'Kattu' hil zuenetik. Katturen arrebak, Arantxa Oñederra Azpeitiko bizilagunak, anaiaren hilketaz hitz egin du. 

Bihar 37 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu azkoitiarra Baionako Kaietenea tabernan tiroz hil zuenetik. Arantxa Oñederra (Azkoitia, 1956) bere arrebak hilketa “barru-barruan gordeta” du oraindik ere, eta aitortu du "urduri" jartzen dela pentsatzen jarrita. Gaur egun kasua nola dagoen azaldu du Kattu zenaren arrebak.­

37 urte beteko dira bihar GALek zure anaia hil zuenetik. Nola oroitzen duzu egun hura?

Guztia berritzen zait urtero aste hau iristen denean; hura beldurgarria izan zen. Lanetik etxera iritsi eta afaltzen ari ginela, telefonoak jo zuen. Senarrak hartu zuen deia, eta etorri zenean esan zuen: “Ramon hil dute”. Baionako Kaietenea tabernan egiten zuen lan nire anaiak. Ordurako urduri genbiltzan, izan ere Lasa eta Zabala falta ziren eta haiek ikusten azkena Ramon nire anaia izan zen. Bien bila ari ziren, ezin aurkituta, eta gero, kolpera, anaia hil zuten. Lanean bakar-bakarrik ari zela tiroa botata hiltzea ikaragarria izan zen. Oraindik ere urduri jartzen naiz pentsatzen jarrita. Iaz gertatu izan balitz bezala oroitzen dut. Barru-barruan daukat gordeta.

Zer-nolakoak izan dira urte hauek zuentzat?

Gorabehera askoko urteak izan dira. Urte batzuetan ahaleginak egin ziren hilketa guztiak argitzeko; beste urte batzuk, berriz, apalagoak izan dira. Azkoitiko herriak eta ezker abertzaleko kideek urtero-urtero oroitu izan dute Ramon, eta horrek nire gurasoei, bereziki, ilusioa egiten zien; poza hartzen zuten herritarrak beren semeaz oroitzen zirela ikustean. Bisitak-eta egiten zizkieten etxera, eta lore eskaintzak nahiz xake txapelketa antolatzen zituzten. 37 urtean urtero egin izan da zerbait Kattu gogoan izateko.

Garrantzitsua al da familiarentzat oroimen ekitaldiak egitea?

Horrelako omenaldiak-eta eginda, beti asebetetzen da bat. Xake txapelketa, adibidez, guretzat berezia izaten da; oso oroimen polita da senitartekoentzat. Anaitasuna Kakute xake taldeko arduradunek zintzo jokatu dute gurekin. Ramon xake zalea zen, asko gustatzen zitzaion xakean jokatzea. Hil zuten egunean ere xake partida jokatu zuen lagunekin, eta adiskideek taberna utzi zutenean hil zuten. Zain-zain egon ziren bakarrik harrapatzeko.

GALek aitortu zuen lehen hilketa izan zen zuen anaiarena. Hala ere, kasua argitu gabe dago, ezta?

Ez da ezer argitu, ez. 1992an edo 1993an Oñederra kasua izenarekin epaiketa hasi zuten; beste hilketa batzuk ere sartu zituzten kasuaren barruan. Baltasar Garzon epaileak hartu zuen kasua, pixka bat aztoratu zuen gaia, baina gerora bertan behera gelditu zen. Bazekiten nortzuk izan ziren hilketaren egileak, baina ez zuten inor kondenatu, probarik ez zegoela argudiatuta; itxurakeria hutsa izan zen hura.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.