Koronabirusa Azpeitian

Lau positiborekin, 650,95ean jarraitzen du Azpeitiko intzidentzia tasak

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 17a, 14:33

Ez gora eta ez behera, atzoko maila berean jarraitzen du herriko intzidentzia tasak. Eskualdean, ostera, jaitsi egin da positibo berrien kopurua: hemeretzi zenbatu zituzten atzo, eta zazpi gehiago izan ziren herenegun.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berrien dituen datuen arabera, atzo beste lau positibo baieztatu zituzten herrian, eta intzidentzia tasakez du gorabeherarik izan. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua 650,95ekoa da, tabernak irekitzeko 500eko mugatik gorakoa; beraz, itxita jarraitu beharko dute.

Eskualdean, berriz, hemeretzi positibo baieztatu zituen atzo Osakidetzak, bezperan baino zazpi kasu gutxiago, baina asko hala ere. Azpeitikoez gain, beste hiru herritan zenbatu dituzte positiboak: seina Azkoitian eta Zarautzen eta hiru Zumaian. Eskualdeko beste zazpi herrietan ez dute kasurik izan.

Azpeitia da gorriz dagoen herri bakarra eskualdean. Azkoitia eta Zarautz laranja kolorez jantzita daude, 308,62ko eta 343,33ko tasekin hurrenez hurren. Orion eta Zumaian, aldiz, semaforo horiak jarraitzen du piztuta. Azken hau berdetik hurbil egon zen orain astebete inguru, baina azken egunotan izandako igoeren ondoren 132,32ra igo da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo sei positibo baieztatu zituzten herrian, eta intzidentzia tasak zertxobait gora egin du: 300,28tik 308,62ra. Oraindik ere eremu laranjan jarraitzen du Azkoitiak, tabernak ixtea ekarriko lukeen 500eko mugatik urrun.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hobera egin du egoerak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hobera egin du egoerak eta positiboen kopurua nabarmen jaitsi da. Hori hala izanda ere, zenbakiek kezkagarriak izaten jarraitzen dute. Herenegun izandako 582 kasuetatik atzoko 396ra pasa da positibo kopurua. 12.572 proba egin zituzten atzo, eta ondorioz positibotasun tasa %3,1ekoa da.

Lurraldeei dagokionez, Araban 79 kasu izan zituzten atzo, 177 Bizkaian eta 138 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren bi lagunek ere positibo eman zuten atzo. 335 lagun daude ospitaleratuta Osakidetzako erietxeetan, eta 98 dira ZIUn aurkitzen diren pertsonak.

Nafarroako Gobernuak ez du oraindik daturik eman.