Herriko gizarte zerbitzuak zein baliabideak hobetzeko hitzarmena sinatu dute Azpeitiko Udalak eta Aldundiak

Anartz Izagirre 2020ko abe. 17a, 13:12
Azpeitiko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, udaletxean. (Azpeitiko Udala)

Gaur, osteguna, bildu dira bi aldeetako ordezkariak udaletxean. Hitzarmena sinatzeaz gain, udalerriko gizarte zerbitzuen erronkak eta aurrera begira egin beharrekoak izan dituzte hizpide bilkuran.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute gaur, osteguna, herriko gizarte zerbitzuen eta baliabideen inguruko hasunarketa eta azterketa prozesua abiarazteko. Hitzarmenaren helburua da eredu berri bat sustatuz tokiko arreta-ekosistema bultzatzea eta gizarte zerbitzuen eskaintza handituz behar berrietara egokitzea. Hitzarmena sinatzeaz gain, etorkizunean egin beharreko bideaz eta gizarte zerbitzuen erronkez aritu dira bi aldeak.

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak jorratu beharreko bidea "argia" dela esan du: "Gipuzkoan aspaldi abiarazi genuen pertsona bakoitzaren behar eta premietara egokituko den eredu baten aldeko apustua, eta egun, COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoerak, berretsi egin du apustu hori". Diputatuak nabarmendu du lurraldeko gizarte zerbitzuek "pertsona ardatz hartzen duen" arreta-eredu bat behar dutela, eta adierazi du hori bultzatzen jarraituko duela Aldundiak.

Peñaren esanetan, Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapak (2018-2021) eskualdean adinekoen arretarako zerbitzuetako plazak handitzea aurreikusten du, baita gizarteko aldaketa demografikoak aintzat hartuta gizarte zerbitzuen eskaintza handitzea ere, lehen eta bigarren mailetako arretan. Ildo horretatik, Aldundiak adierazi du lurraldeko gizarte baliabideen sare publikoaren eskaintza gizarte premien bilakaerara egokitzeko lanean dihardutela.

Adinekoen kopuruak, gora

Aldundiak eman dituen datuen arabera, 2035. urtera bitartean %7 haziko da Azpeitiko populazioa; adinekoen kopurua, berriz, %20 haziko da. Gauzak horrela, 2031. urterako azpeitiarren laurdenak 65 urtetik gora izango ditu, eta aurreikuspenen arabera, 3.900 adineko baino gehiago izango dira. Mendekotasunei erreparatuz, berriz, 2035. urtean ia 500 pertsona izango dira 80 urtetik gora mendekoak, eta mendekotasuna duten herritarrak %38 haziko dira.

Datu horiek aintzat hartuta, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak dio gaurtik hasi behar dela udaleko Gizarte Zerbitzuak handitzen eta behar horiei erantzuten: "Herritar guztiek dute zainduak izateko eskubidea, eta hori bermatzeko baliabideak eskaintzea dagokie erakunde publikoei. Herritar guztien bizi kalitatea zaindu eta bermatu behar dugu eta horretarako arreta eredu berriak aztertzeko konpromisoa hartzen dugu gaur sinatutako protokolo honen bidez". Alkateak nabarmendu du alor horretan "eskumen partekatuak" dituztela udalak eta Aldundiak, eta beharrezkoa dela bi erakundeen elkarlana, "zaintza erdigunean jarrita" herritarren ongizatea bermatzeko.

Hitzarmena sinatzearekin batera, martxan jarri dute egoeraren azterketa fasea; eta, ondoren, lankidetza oinarri hartuta egungo zerbitzuen eredua birformulatuko dute, arlo soziosanitarioa indartuz eredu integratzaileago bat lortzeko. Ildo horretatik, beharrezkoak izan daitezkeen baliabide berrien eraikuntza sustatuko dute, eta arreta eredu dibertsifikatuagoa eta pertsonalizatuagoa eraikiko dute, xede izanik etxeko zaintza eta familia zein komunitate harremanak indartzea.