Olentzero eta Mari Domingi bihar iritsiko dira herriko ikastetxeetara

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 17a, 09:15

Urteroko ohiturari eutsi egingo diote, baina COVID-19a zabaltzea saihesteko neurriak hartuta. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean goizez jasoko dute bisita, eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, arratsaldez.

Herriko haur eta gaztetxoek bihar, ostirala, hartuko dituzte Gabonetako oporrak, baina ez aurretik Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egin gabe. Pandemiara egokituta, baina urteroko ohiturari eutsi egingo diote Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.

Karmelo Etxegaraiko haurrek goizeko jarduna bakarrik izango dute bihar, horrenbestez, goizean egingo diete harrera Olentzerori eta Mari Domingiri. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko umeengana Olentzero joango da, eta bigarren ziklokoengana, Mari Domingi, Olentzerok ez bailuke denekin egoteko astirik izango. Izan ere, ikasleek taldeka ikusiko dituzte Olentzero eta Mari Domingi, talde egonkorrak mantenduta. Goizean goizetik ez da musikarik, dantzarik eta abestirik faltako Euskal Herriako zein Perdillegiko eraikinetan, eta Santo Tomas ikutua ere emango diote goizari; hamaiketakoan txorizoa jateko aukera izango dute ikasleek zein irakasleek. 

Iraurgi Ikastetxean ere goizez egingo diote harrera Olentzerori. Beste urteetan ikasle guztiak batera egon izan dira harekin, baina aurten taldeka egongo dira. Horretarako, Olentzerorentzat areto bat apaindu dute, eta ikasle taldeak banan-banan pasatuko dira handik. Olentzerori maskararekin etortzeko eskatu diote, eta ikasleekiko tarteak zaintzeko. Santo Tomasak ospatzeko txorizoa ere jango dute, baina hori ere talde egonkorretan. Etxean dauden ikasleentzat, berriz, bideo bat grabatuko dute.

Ikasberrira, ostera, arratsaldez joango dira Olentzero eta Mari Domingi, eta gelaz gela ibiliko dira, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek haiekin egoteko aukera izan dezaten. Han ere ez da faltako musikarik, dantzarik eta abestirik.