Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Artxara kooperatibak

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 16a, 17:56
Elikaguneko lantaldea gaur, atzo Bilbon jasotako ziurtagiriarekin. (Mailo Oiarzabal)

Eusko Jaurlaritzak atzo banatu zituen euskararen aurtengo kalitate ziurtagiriak. Hamazazpi erakundek jaso dituzte aurten Bikain ziurtagiriak, horietatik bederatzik jaso dute goi mailakoa, eta horien artean dago Azoka Plazako Elikagunea kudeatzen duen kooperatiba.

Urrezko Bikain ziurtagiria esku artean du Azoka Plazako Elikagunea saltokia kudeatzen duen Artxara kooperatibak. Eusko Jaurlaritzak atzo banatu zituen aurtengo euskararen kalitate ziurtagiriak, Bilboko Euskalduna jauregian. Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko sortu zituzten Bikain ziurtagiriak duela hamabi urte. Harrez gero, ziurtagiria eskuratzeko prozesua eta ebaluazioa gainditzen duten erakunde publiko zein pribatuek jaso dituzte Bikain ziurtagiriak, oinarrizkoa, erdi mailakoa edo zilarrezkoa, eta goi mailakoa edo urrezkoa.

Aurten, guztira hamazazpi erakundek jaso dute dagokien ziurtagiria, horietatik bederatzik jaso dute goi mailakoa, eta horien artean dago Artxara kooperatiba.

Eleguneren bidez

Aurreko urteetan Azpeitiko beste hainbat enpresak bezala, Eleguneren eskutik egin dute Artxarakoek Bikain ziurtagiria eskuratzeko bidea. Udal Euskara Patronatuak lanean euskararen erabilera normalizatu nahi duten herriko enpresei eskaintzen dien zerbitzua da Elegune.

"2018. urtetik hartzen dugu parte Elegunen, gure sorreratik, hain zuzen ere", azaldu dute Artxarakoek. Euskara plana egin zuten aurrena. Kooperatibaren eta Elikagunearen proiektua "euskalduna eta euskaltzalea" dela nabarmendu dute, "egunerokoan lehentasunezko hizkuntza euskara" dutela; euskara plana sortzez duten konpromiso hori "arautzeko modu bat" izan da, "hizkuntza politika bat zehaztuz eta diagnostiko bat eginez, hobetu beharreko esparruak identifikatuz eta horiek hobetzeko urtero gestio plan bat diseinatuz".

Diagnostikoa egiten, hobetu beharrekoak identifikatzen eta aipatutako hizkuntza politika finkatzen lagundu die Elegunek; hilero egiten dute bilera hango teknikariarekin, euskara planaren jarraipena egiteko. Prozesu horren barruan, Bikain ziurtagiria eskuratzeko ebaluazioan sartu zen Artxara, eta gutxi gorabehera urtebete iraun zuen ibilbidearen ondoren, duela hilabete batzuk jakin zuten lortu zutela atzo jaso ahal izan zuten Urrezko Bikain ziurtagiria: "Orain arte kooperatibak euskararen normalizazioan egindako lanaren ebaluazioa jaso dugu: batetik, egindako lanaren errekonozimendua da, eta bestetik, ondo egindakoak eta hobetzeko ditugunak identifikatzeko balio izan digu".