Egoera zaurgarrian diren herritarren laneratzea eta gizarteratzea sustatzeko formakuntza saioak eskaintzen ari dira

Julene Frantzesena 2020ko abe. 16a, 12:09
Urola Erdian ElkarEkinez Lanean proiektuko ordezkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak gaur Basazabal jauregian. (Azpeitiko Udala)

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian duen ElkarEkin proiektu estrategikoaren barruan, egoera zaugarrian diren herritarrei zuzendutako oinarrizko formakuntza saioak eta bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko ikastaroak ari dira eskaintzen Azpeitian. Gainera, inklusio soziolaborala sustatzeko zerbitzuen sare integratua osatzeko Urola Erdian ElkarEkinez Lanean proiektua osatu dute eskualdeko eragileek eta erakundeek.

Egoera zaurgarrian diren pertsonak gizartzeratzeko eta horiei lana bilatzen laguntzeko proiektu pilotua jarri dute  martxan Urola Erdian, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian duen ElkarEkin proiektu estrategikoa tarteko. Hain zuzen ere, oinarrizko konpetentzien prestakuntza eta bigarren mailako lanbide ziurtagirien eskaintza indartzea dira proiektuaren helburuak, herritar gehienek izan dezaten lan merkatura sarbidea izateko aukera.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Udalen babesarekin eta Izarraitz Lanbide Heziketaren nahiz Zabaltzen Sarturekin elkarlanean, zaurgarritasun egoeran edo arriskuan diren pertsonen enpleagarritasuna sustatzeko estrategia jarri du martxan Iraurgi Berritzenek, Urola Erdian ElkarEkinez Lanean proiektuarez bidez. Martxan den egitasmoaren jarraipena egiteko, gaur Basazabal jauregian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu estrategikoen zuzendari Unai Andueza eta gizarte Inklusioarako eta indarkeria matxista jasatzen duten emakumeen babeserako zerbitzuen buru Patxi Leturia.

Irailaren bukaeratik hamabost herritar ari dira oinarrizko konpententzien formakuntza saioetan parte hartzen Basazabal jauregian, eta ikastaro hori bukatzean, bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko ikastaroak egiteko parada izango dute horiek. Horrez gain, eta aldundiaren ikastaroekin koordinatuta, mendeko pertsonei arreta eskaintzeko lanbide ziurtagiria eskuratzeko formakuntza saioak ere martxan dira urriaz geroztik Azpeitian; udalak antolatutako ikastaro horren bidez, hamabost lagunek izan dute ziurtagiria eskuratzeko aukera. Gainera, Izarraitz Lanbide Heziketaren eskutik, bigarren mailako soldadurako lanbide ziurtagiri berria lortzeko saioak egiten ari dira beste hamabost herritar.

ElkarEkin proiektuaren helburua da herritarrei zuzendutako prestakuntza prozesu berriak garatzea eta inklusio soziolaborala sustatzeko zerbitzuen sare integratua osatzea, eta horretarako herriko eta eskualdeko inklusio eragileen koordinazioa eta lankidetza baliatuko dute. Bide horrtan, UrolanEkin Sarea osatu zuten otsailean, eta eskualdeko egoeraren diagnostikoa eginda eta beharrak aztertuta, lehentasunezko ekintza lerroak adostu dituzte. Udalak azaldu duenez, enplegu eta arlo sozialeko eragileen artean ekintza plana jarri dute martxan, Iraurgi Berritzenek koordinatuta. Guztira, sei ekintza eta proiektu talde jarri dituzte martxan, eta datozen egunetan herritarrei nahiz eragileei Urola Erdiko gizarteratze eta laneratze baliabideen mapa banatuko diete, eskualdean horretarako eskaintzen diren zerbitzuak ezagutarazteko.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, azken urteetan egindako gisan, formazio eskaintza indartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, modu horretan langabeziari aurre egiteko eta herritarren enplegugarritasuna eta integraziorako tresna baliagarria delako. Erakundearen arabera, langabezia tasaren bilakaera "ezegonkorra" eragin du osasun alarma egoerak, eta gogorarazi du azaroko langabezia tasa %9koa dela. Eskualdeko langabezia tasa, berriz, %9,2 da; %7,7 gizonena eta %11 emakumeena.