Koronabirusa Azpeitian

Beste zazpi kasu positibo zenbatu dituzte Azpeitian eta intzidentzia tasak gora egin du

Andoni Elduaien 2020ko abe. 15a, 13:26

Intzidentzia tasak gora egin du berriz ere, eta 591,17ra iritsi da gaur. Eskualdean guztira hamasei kasu hauteman dituzte, eta 522 Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldu duen txostenaren arabera, atzo egindako PCR eta antigeno probetan zazpi kasu positibo zenbatu zituzten Azpeitian. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, gainera, gora egin du atzoz geroztik, eta eremu gorria izaten jarraituko du herriak. Asteburuko datuen ondoren, 571,24ra igo zen tasa atzo, eta gaur ia hogei puntu egin du gora, 591,17ra iritsiz.

Azpeitiko zazpi kasuez gain, ordea, Urola Kosta eskualdean beste bederatzi kasu hauteman dituzte. Zumaian kasuak agertzen hasi dira berriz ere. Azken bost egunetan zortzi kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak gora egin du han ere; 122,14koa da tasa. Eremu horia da Zumaia, baina aurreko astean baino urrunago du eremu berdea izatea.

Azkoitian eta Zarautzen, bestalde, bi kasu detektatu dituzte. Zarautz eremu laranja da, 343,33ko intzidentzia tasarekin. Azkoitian, berriz, behera egin du intzidentzia tasak atzoko igoeraren ostean, eta 241,89koa da tasa; eremu horia dira han. Orion eta Zestoan, bestalde, kasu bana zenbatu dute. Orion intzidentzia tasa 181,49koa da; zenbatekoak behera egin du, %197,99koa baitzen atzo tasa. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez dute kasu bat bera ere atzeman.

Positibo gutxiago

Hego Euskal Herrian 522 kasu positibo baieztatu zituzten atzo, astelehena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.853 test diagnostiko egin zituzten, eta 423 kasu positibo baieztatu zituzten hiru lurraldeetan. 95 positibo zenbatu zituzten Araban, 176 Bizkaian eta 147 Gipuzkoan. Halaber, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bost lagunen positiboak ere baieztatu zituzten. Positibotasun tasa, beraz, %4,7koa da hiru lurralde horietan. Nafarroan, bestalde, 99 kasu positibo hauteman zituzten atzo egindako 1.753 PCR eta antigeno probetan. Positibotasun tasa, beraz, %5,6an kokatu da Nafarroan.

Gaur-gaurkoz, 355 pertsona daude Araba, Bizkai edota Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; atzo 38 lagun ospitaleratu zituztela jakinarazi du Osasun Sailak. Gaixo dauden pertsonen kopuruak behera egin du nabarmen, abenduko zenbateko txikiena baita gaur Osasun Sailak ospitaleratutakoen inguruan emandakoa. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dauden pertsonen kopuruak ere behera egin du. Atzo 101 lagun zeuden ZIUn ospitaleratuta. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak, ordea, gora egin du azken egunetan, eta gaur 1,03koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoa; Gipuzkoako tasa 1,00koa da.