Koronabirusa Azpeitian

Eguberrietako joan-etorrien inguruan, hainbat argibide

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 15a, 10:30

Joan den larunbataz geroztik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei mugitzeko eta biltzeko eskubideak mugatzen dizkieten neurri berriak dira indarrean, egun seinalatuetarako hainbat salbuespenekin. Horietako zenbaiten inguruan herritarrei sortu zaizkien zalantzak argitzeko irizpideak eman ditu Eusko Jaurlaritzak, eta hona hemen aipagarrienak:   

Herritarrak atera al daitezke Gipuzkoako mugetatik?
Abenduaren 23ra arte ez. Hortik aurrera aukera izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugen barruan mugitzeko. Salbuespenak izango dira abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra arteko tarteak: horietan herritarrek aukera izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugetatik ateratzeko, helburua bada senideen edo hurbileko pertsonen bizilekura joatea.

Senideen edo hurbileko pertsonen bizilekura joateko bakarrik atera ahalko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugetatik?
Bai.

Justifikatu egin beharko al dituzte irteera horiek? 
Bai. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik irten behar duten herritarrek beteta eraman beharko dute honako dokumentuko 16. orrialdean datorren agiria.

Data horien artean bakarrik izango al dute aukera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugetatik irteteko eta atzera berriz ohiko bizilekura itzultzeko?
Herritarrek data horien artean irten beharko dute Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik, baina nahi dutenean itzultzeko aukera izango dute.

Horrek esan nahi du, adibidez, senideak Aragoin (Espainia) dituen herritar batek abenduaren 23tik 26ra edo/eta 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean joan beharko duela haiengana, baina beste egun batean itzul daitekeela bere etxera? 
Bai. 

Arabara, Bizkaira edo Gipuzkoara senideak edo hurbileko pertsonak bisitatzera etortzen diren herritarrentzat ere berdin aplikatuko al da neurri hori? 
Bai. Kanpotik datozen herritarrek abenduaren 23tik 26ra edo/eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean sartu beharko dute, baina ohiko bizilekura nahi dutenean itzultzeko aukera izango dute.

Azpeitiko familia bat joan al daiteke Nafarroako landetxe batera Eguberriak pasatzera?
Ez, arrazoia ezin da izan oporraldia, baizik eta senideak edo hurbileko pertsonak bisitatzea. 

Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauetan 01:30ean hasiko da etxeratze agindua. Gau horietan herritarrak 01:30era arte ibil al daitezke kalean? 
Etxera itzultzeko soilik. Ordutegi hori inolaz ere ezingo dute erabili bilkura sozialetara joateko. 

Herritarrak joan al daitezke Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo dituzten bigarren etxebizitzetara? 
Ez.

Abenduaren 23a baino lehen, joan al daiteke beste lurralde historiko batera pertsona bat aireportura, geltokietara eta abarretara jasotzera edo eramatera? 
Bai. 

Zer gertatzen da dagoeneko bidaiatzeko hegazkin txartela erosita izanez gero? 
Bidaiaren arrazoia aisialdia bada, ezingo da bidaiatu. Aldiz, zaintza, lan, hezkuntza edo osasun arrazoiengatik egin beharreko bidaia bada, eta behar bezala justifikatzen bada, posible izango da bidaiatzea. Senideak edo gertukoak bisitatzeko bidaia bada, eta bidaia hori abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean egiten bada ere, hegaldiari eutsi ahal izango zaio. 

Joan al daiteke atzerrian bizi diren senideak bisitatzera? 
Abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean baimenduta daude joan-etorriak senideak eta gertukoak bisitatzeko, haien helmuga edo jatorria edozein dela ere. Hala ere, helmuga beste herrialde bat baldin bada, hango gobernuak ezarritako sarrera baldintzak bete beharko dira (PCR, berrogeialdia...), eta, itzultzeko, Espainiako Gobernuak herrialde jakin batzuetatik etorritako bidaiarientzat ezarritako baldintzak bete beharko dira. Informazio hori helmugako herrialdeetako enbaxadei kontsultatu behar zaie edo/eta, hala badagokio, Espainiako Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioari edo Spain Travel Health webgunean.

Abenduaren 24ko, 25eko, 31ko eta urtarrilaren 1eko otorduetan herritarrak gehienez hamar laguneko taldeetan bil daitezke. Kopuru horretan, haurrak ere kontuan hartu behar al dira? 
Bai. Hamar pertsonako gehieneko mugan pertsona guztiak sartzen dira, haien adina edozein dela ere.