Errastiola zerrategian gertatutako lan istripua salatu du CCOO sindikatuak

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 14a, 12:20

CCOO sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute plazan, ostiralean Errastiola zerrategian izan zen lan istripua salatzeko. Sindikatuaren arabera, gizarteak "egoera dramatikoa" bizi du lan ezbeharrei dagokienez.

Nuarbe auzoko Errastiola zerrategian ostiralean gertatu zen lan istripua deitoratu du CCOO sindikatuak. 58 urteko errezildar bat hil zen ezbeharrean, makina batek harrapatuta. Gertaera hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur plazan, 11:30ean, sindikatu horrek deituta.

CCOO sindikatuak gogorarazi du "egoera dramatikoa" bizi duela gizarteak, lan istripuei dagokienez. "2020an, 34 pertsona hil dira lan istripuz EAEn, eta horiei Zaldibarko zabortegian desagertutako langilea gehitu behar zaie, baita lantokira bidean beharginek izandako ezbeharrak ere. Ezohiko kopuru handi baten aurrean gaude; izan ere, kontuan hartu behar da, COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, ekoizpen jarduera ia geldirik egon zela hamabost egunez eta martxotik motelduta dagoela jarduera hori".

Egoera hori salatzeko eta Azpeitian hildako pertsonaren familiari, hurbilekoei eta lankideei gertutasuna eta elkartasuna adierazteko helburuarekin egin du elkarretaratzea gaur CCOO sindikatuak.