Mikel Bereziartua: "Gazteak gero eta hobeto formatuta ateratzen dira Lanbide Heziketako eskoletatik"

Julene Frantzesena 2020ko abe. 14a, 11:01
Mikel Bereziartua sariarekin.

Lanbide Heziketaren alde eta arlo horretako bideratzaile gisa egindako lanagatik, Biele Groupeko Mikel Bereziartua (Azpeitia, 1966) saritu du Confebaskek. 1998 inguruan hasi zen azpeitiarra bideratzaile lanetan, eta orduz geroztik, dozenaka ikasle aritu da praktiketan Bielen. Bereziartuaren arabera, etorkizunera begira, berebiziko garrantzia du Lanbide Heziketak.

Bideratzaile gisa egindako lanagatik jaso duzu saria. Zer da bideratzaile izatea?

Bideratzailearen bi figura daude: bataren egitekoak dira eskolekin harremanetan jartzea, zer ikasle behar ditugun zehaztea, zentroekin harremanak mantentzea, ikasleak aukeratzea, harrera plana azaltzea... Hain zuzen ere, figura hori da nirea. Horrez gain, bada, ordea, beste bideratzaile mota bat ere; ikaslea enpresa barrura sartzen denean haiei irakasteaz arduratzen diren mekanikoak edo elektrikoak dira horiek. Beraz, niri eman didate saria, baina lan horretan guztian ez nago ni bakarrik. Taldeko lana da bideratzailearena, talde handi baten lana.

Noiz hasi zen Biele praktikak eskaintzen?

Duela hogei bat urte. 1993 inguruan, lan dezente sartu zen bolada bat izan genuen, eta azpikontratekin probatzea erabaki zen. Ez zuen emaitza onik eman ordukoak; izan ere, langile haiek eta Bielekoek lan egiteko modu oso desberdina zuten. Hurrengo urtean praktikak eskaintzen hastea erabaki genuen. Duela hiru bat urte, berriz, Gipuzkoako Foru Aldunditik praktiken bueltako galdetegi bat egin ziguten, eta Bielera praktiketara zetozen ikasleek izaten zituzten arazoak mahai gainera ateratzeko aukera ikusi genuen. Elkarrizketa hartan egin zizkidaten galderak ondo erantzun nituelako edo, bideratzaileen ikastaroetan hizlari gisa parte hartzeko esanez deitu zidaten Adegitik 2018an eta 2019an.

Lanbide Heziketa laguntzeko egindako lana aitortu zuten sarietan. Bielek zer egiten du Lanbide Heziketari laguntzeko?

Biek elkarri laguntzen diotela uste dut. Lan boladetan langileak behar izaten ditugu guk, eta eskolek ikasleentzat lana behar izaten dute. Ditugun beharrak ikasleei lana ematera eta haiei ofizio bat irakastera bideratzen ditugu.

Zer profil dute Bielera praktikak egitera joaten diren ikasleek?

Ezkoizpenean askotariko langileak daude: mekanikoak, elektrikoak, pintoreak, mantentze lanetakoak, logistikakoak... Ia arlo horietan guztietan egiten dituzte praktikak ikasleek. Horrez gain, baina, bulego teknikoak, komertzialak, administrariak... ere badira Bielen, eta arlo horietara ere etortzen da jendea praktikak egitera. Dena den, ekoizpen arloan ikasle gehiago aritzen dira.

Gero eta herritar gehiagok egiten dituzte Lanbide Heziketako ikasketak. Hori zergatik gertatzen dela uste duzu?

Eskolak gero eta hobeto daudelako prestatuta. Alde batetik, hobeto prestatuta egoteak erakargarriago egiten du eskaintza, bai ikasleentzat, bai gurasoentzat. Bestetik, ikasle batzuk beste batzuk baino hobeto moldatzen dira ikasten, batzuk eskulanetan dira onak... Izan ere, zorionez, denok ez gara berdinak. Bakoitzak gogoko zerbait egiteko aukera du Lanbide Heziketan.

Eta genero ikuspegitik, zer-nolako bilakaera izan du Lanbide Heziketak? Izan ere, urteetan nahiko eremu maskulinizatua izan da.

Gai hau gure artean dago, eta duen garrantzia eman behar zaio. Berdintasun Planak-eta egiten ditugu lantegian, eta uste dut oso garrantzitsuak direla horiek. Lehen ikasleak bisitan etortzen zirenean, tartean neska bat egotea sorpresa ikaragarria izaten zen. Gaur egun, zorionez, gero eta neska gehiago etortzen dira. Neskak, gainera, eskuzko lan finetan gizonak baino trebeagoak dira, eta jardun horiek ere badute beren lekua enpresetan.

Gaur egun gero eta jende formatuagoak jotzen du Lanbide Heziketara. Ikasleen profila aldatu egin al da?

Unibertsitate ikasketak bukatu eta Lanbide Heziketara jo izan du jendeak; lehen hori ez zegoen pentsatu ere egiterik. Orain, mila arrazoi tarteko, gero eta gehiago dira erabaki hori hartzen dutenak: lanik ez duelako bilatu, ez zaiolako gustatu ikasi duena... Asko dira beste lan aukera batzuk aztertzeko eta beste ofizio bat ikasteko saltoa ematen dutenak.

Zer garrantzia du Lanbide Heziketak zuretzat?

Nire lanpostutik eta Bieleren ikuspuntutik begiratuta, handia. Gure etorkizuna dira ikasle horiek; izan ere, gure atzetik horiek datoz eta horiek hartu behar dute gure txanda, guk nahi edo ez nahi. Saiatu behar dugu horiei bidea errazten, laguntzen eta irakasten.

Eta zer garrantzia du enpresen eta Lanbide Heziketaren arteko harremanak sustatzeak?

Handia. Zentroekin harremanak hastean, mundu ezezagun batean sartu ginen: ez genekien nola funtzionatzen zuten eskolek, ez genekien zer ikasle iritsiko ziren praktiketara... Baina urteak pasatu ahala, eskolak laguntzeko prest daudela eta lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen direla ikusi dugu. Urteekin, emaitza ikusi egiten da; gazteak gero eta hobeto formatuta ateratzen dira Lanbide Heziketako eskoletatik.

Zuek zer eskolekin duzue harremana?

Azken urte hau nahikoa katastrofikoa izan da, eta ez dugu ikaslerik izan praktiketan. Azken hogei urteetan, ordea, 120 bat lagun izan dira Bielen praktiketan. Ikasle horiek hamabi-hamahiru zentrotakoak izango ziren. Eskola ugari daude, eta normalean, ikasleek herritik gertuen dituzten enpresetan gauzatu nahi izaten dituzte praktikak. Askotan ikaslea etortzen da praktikaldia eskatzera, eta gero hasten dira zentroaren eta enpresaren arteko harremanak.