Disney konpainiaren edukia euskaratu nahian

Andoni Elduaien 2020ko abe. 13a, 11:40

Guraso eta euskaltzale talde batek kanpaina abiatu du Disney konpainiak bere produktuak, eta bereziki Disney Plus plataforma, euskaraz eskaini dezan lortzeko. Azpeitiko bizilaguna den Egoitz Barrena (Azkoitia, 1985) da taldeko kideetako bat, eta hark azaldu dizkio Uztarriari Disney euskaraz taldeak mugimendua noiz eta zergatik hasi zuen.

"Disneyren produktuak euskaraz ikusgai izatea nahi dugu". Hori da Egoitz Barrenak argi eta garbi utzi nahi izan duen lehen esaldia. Besteak beste, Disney Plus plataforma, Pixar, Marvel, Star Wars eta bestelako hamaika film, telesail zein marrazki bizidun nahi dituzte euskaraz jasotzea. "Produktu horiek gure herrian zabaltzen badira, uste dugu euskaldunon eskubidea dela gure hizkuntzan ere edukitzea", nabarmendu du azkoitiarrak.

Bi haur txikiren aita da Barrena, eta inguruan ere guraso diren lagun asko ditu. Hala eta guztiz ere, ez du aitatasunak soilik bultzatu taldera eta eskaera egitera. Disney konpainiaren filmak, telesailak edota marrazkiak "uste baino jende gehiagok" kontsumitzen dituztela jabetuta hasi dira konpainiari bere edukia euskaraz eskaintzeko eskatzen. "Ez gara talde egituratu bat. Lagun batzuen artean hitz egin genuen, eta martxan jarri dugun eskaera da abiatu duguna. Niri dagokidanean behintzat, erabakia ez da inguruan umeak izate hutsagatik bakarrik izan, gure hizkuntza eskubideeen ikuspuntu batetik baizik", argitu du Barrenak.

Katalunian lortu dute

Orain ez asko, Katalunian egin zuten eskaera, eta lortu dute Disneyk hainbat eduki katalanez eskaintzea. Plataforma per la Llengua taldearen kanpainari esker, 30.000 sinadura jaso zituzten han. "Kataluniarrek gobernua mugitzea lortu zuten, eta Disneyrekin negoziatu ostean, beren hizkuntza txertatu zuten Disney Plus plataforman. Asko da lortu dutena. Generalitateak eta Disney enpresak maiatzean iragarri zuten katalana txertatzeko erabakia. Fase desberdinetan ari dira gauzatzen erabakia. Lehenengo, eduki zehatzetan katalanezko aukera jarri zuten, eta azken 25 urteetan Generalitatearen ekimenez bikoiztutako filmak sartu zituzten Disney Plus plataforman. Orain, eduki berri guztiak katalanez ere eskaintzen hasiko dira", eman du azalpena.

Katalunian lortutako emaitza izan du abiapuntu Disneyren edukia Euskal Herrian euskaraz eskaintzea eskatzen duen taldeak. "Guk ere zerbait egin behar genukeela ikusi genuen. Sareko sinadura bilketa xume bat hasi genuen, eta ohartu gara milaka pertsona daudela kezka horrekin". Hain zuzen ere, azaroaren 26an jarri zuten martxan Interneten eskaera zein sinadura bilketa, eta dagoeneko 4.600 lagunek baino gehiagok izenpetu dute ekimena. "Whatsapp aplikazioaren bitartez zabaldu genuen sinatzeko lotura hasieran. Aurrera joan heinean, e-mail batzuk bidali ditugu eta Twitter kontu bat ere sortu dugu. Hedabideek ere interesa azaldu dute, eskaerari oihartzuna emanez", azpimarratu du taldeak orain arte egindako bidearen berri emanez. 

Disney euskaraz eskatzen ari den taldeak oraingoz ez du bideorririk marraztu, eta gaia ez dute erakundeen nahiz instituzioen mahaietan jarri. Halere, jasotako sinadurak enpresari eta instituzioei helarazi behar dizkietela hitz egin dute taldean. "Gizarteak duen eskari eta behar hau enpresaren eta instituzioen artean asetu behar dute. Herritarrok eta euskararen aldeko taldeek hori eskatzen eta gaiari jarraipena egiten jarraitu behar genuke", azpimarratu du Disney euskaraz taldeko azkoitiarrak. Oso egun gutxiko ibilbidea izanagatik, ordea, taldeak badaki eskaeraren mezua nortzuk jaso beharko luketen. "Eskaerak bi hartzaile ditu, batetik, eta zuzenean, Disney konpainia, eta bestetik, Euskal Herriko erakunde publikoak. Guk ekimena jarri dugu, baina uste dugu beste batzuen lana dela euskaldunon eskubideak bermatu daitezen ziurtatzea". 

Barrenaren esanetan, garrantzitsua litzateke Disneyk edukiak euskaraz eskaintzea. "Jende askorengan zalantzak sortzen ditu Disneyk eta haiek zabaltzen dituzten baloreek. Hala ere, mundu mailan arrakasta handienetakoa duten marrazkiak eta filmak egiten dituzte; bere hedapena gu guztiongana heltzen da, zuzenean edo zeharka. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu haurrek txiki-txikitatik ikustea eta bizitzea mundu mailako produktu hedatuenak ere euskaldunok euskaraz jaso ditzakegula. Gaur egun guraso izateko adinean gauden belaunaldikook, adibidez, badakigu haurtzaroan Dragoi Bola euskaraz normaltasunez jasotzeak zein paper jokatu zuen". Ekimena eta aldarria badituzte; orain teilatuaren gaineko pilota astindu edo ez erabaki beharko dute Disneyk eta erakunde publikoek.