Nuarben hildako langilearen gertukoei "doluminak eta babesa" adierazi dizkiete Azpeitiko eta Errezilgo udalek

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 12a, 14:22
Azpeitiko udaletxea, gaur. (Mailo Oiarzabal)

Adierazpen bateratua plazaratu dute bi erakundeek. "Enpresari zein Osalani istripuaren zergatiak aztertzeko eta lehenbailehen argitzeko" eskatu diete, besteak beste, eta gehiengo sindikalak atzoko lan istripua eta heriotza salatzeko astearterako egindako deialdiarekin bat egin dute.

Azpeitiko eta Errezilgo udalek adierazpen bateratua plazaratu dute, atzo Nuarbeko Errastiola zerrategian lan istripuan hil zen langilearen etxekoei, lankideei eta gertukoei beren "doluminak eta babesa adierazteko", eta gertatutako argitzeko eskatuz. Errezildarra zen Nuarben hildako langilea.

Atzo gertatutakoa "kolpe gogorra izan da herritarrentzat, eta bereziki langileriarentzat", dio bi erakundeen adierazpenak. Elkartasunaz gain, hildako langilearen gertukoei "beharrezko laguntza guztia" eskaintzeko prest agertu dira bi udalak, "hala behar izanez gero".

Horrez gain, "enpresari zein Osalani istripuaren zergatiak aztertzeko eta lehenbailehen argitzeko" eskatu diete bi erakundeek. Enpresa guztiei zuzendutako eskaera ere jaso dute Azpeitiko eta Errezilgo udalek adierazpenean: "Langile ororen lan osasuna eta bizitza egoera guztietan babesteko beharrezko neurri guztiak hartzeko" eskatu diete enpresei, "oinarrizko baldintza gisa". Laneko istripuena "arazo oso larria" dela diote bi udalek, eta gogoratu dute Nuarben atzo hildakoarekin guztira 66 direla 2020a hasi zenetik Euskal Herrian lan istripuetan hil diren langileak.

Egin dituzten eskaeren ildotik, bat egin dute bi erakundeek atzoko lan istripua eta heriotza salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko gehiengo sindikalak astearterako egindako deialdiarekin. Herritarrak ere "gauza bera egitera deitu" dituzte. Asteartean, hilak 15, Errastiolako lantegiaren aurrean elkarretaratzea egingo du gehiengo sindikalak, 12:00etan. Bezperan, astelehenean, 11:30ean beste horrenbeste egingo du CCOO sindikatuak Azpeitiko plazan.