Langile bat hil da Nuarbeko Errastiola zerrategian izandako lan istripuan

Julene Frantzesena 2020ko abe. 11a, 17:09

15:30 aldean jazo da ezbeharra, eta larrialdi zerbitzuak lantegira joan badira ere, ezin izan dute behargina suspertu. Hildakoa errezildarra zen eta 58 urte zituen. Gertatutakoa argitzeko ikerketa jarri du martxan Osalanek. Gehiengo sindikalak lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du astearterako; 12:00etan egingo dute, Errastiola lantegiaren aurrean. CCOOk, berriz, astelehenerako deitu du elkarretaratzea Azpeitiko plazan, 11:30ean.

58 urteko errezildar bat hil da gaur, ostirala, arratsaldean, Nuarbe auzoko Errastiola zerrategian makina batek harrapatuta. Ertzaintzak Uztarria.eus-i azaldu dionez, 15:30 aldean jazo da lan istripua, eta larrialdi zerbitzuak lantegira joan badira ere, ezin izan dute behargina suspertu. Osalan ari da gertatutakoa ikertzen.

Sindikatuen elkarretaratzeak

Gehiengo sindikalak istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du astearterako. Errastiola zerrategiaren aurrean egingo dute kontzentrazioa, 12:00etan hasita. Protesta deitu duten sindikatuek azaldu dutenez, Euskal Herrian aste berean zendu den bigarren langilea da; izan ere, joan zen abenduaren 7an Indusal enpresako langile bat hil zen Muskizen. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian 66 langile hil direla salatu dute.

CCOO sindikatuak, berriz, bere aldetik deitu du beste elkarretaratze bat astelehenerako; Azpeitiko plazan egingo dute protesta, 11:30ean, gertatutakoa "salatzeko" eta hildako langilearen senideei, gertukoei eta lankideei "gertutasuna eta elkartasuna" adierazteko. Herritarrei dei egin diete protestarekin bat egin dezaten. Nuarbeko lan istripua "deitoratu" du sindikatuak eta lan istripuei dagokionez, egungoa "egoera dramatikoa" dela nabarmendu dute, "ohiz kanpoko" kopuruekin, jarduera produktiboa martxotik "motelduta" dagoela kontuan hartuta.