Koronabirusa Azpeitian

Protesta zaratatsua egin dute herriko ostalariek eta horien hornitzaileek

Julene Frantzesena eta Aitziber Arzallus 2020ko abe. 11a, 15:34

12:00etan abiatu dira plazatik berrogeiren bat ibilgailutan, eta herrian barrena auto karabana egin dute bizi duten egoera salatzeko eta Eusko Jaurlaritzari laguntza gehiago eskatzeko.

Herriko ostalariek eta haien hornitzaileek auto karabana zaratatsua egin dute gaur eguerdian herrian barrena, bizi duten egoera salatzeko eta administrazioari laguntza eskatzeko. Ez da herriko ostalariek egin duten lehen protesta izan. Azaroaren 7an, Eusko Jaurlaritzak negozioak ixtera behartu eta egun batzuetara, egin zuten lehendabiziko elkarretaratzea plazan. Ordukoan herritarrak batu zitzaizkien, eta gaurkoan, hornitzaileak, horiek ere ez dituztelako momentu gozoak bizi. Izan ere, hornitzaileen jardueraren zatirik handiena ostalaritzari loturikoa da, eta ostalariak lanik egin ezin badute, hornitzaileek ere gutxi.

Bihartik aurrera, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik beherakoa den herrietako ostalariek negozioak irekitzeko aukera izango dute, baina erabat baldintzatuta. 20:00etarako ateak itxi beharko dituzte, terrazak %100ean ireki ahal izango dituzte, baina barrualdeko edukiera erdira murriztu beharko dute eta ezingo da barran kontsumitu. Horrenbestez, terrazarik ez dutenek apenas egin ahalko dute lanik, eta barran kontsumitu ezinak eta afaririk eman ezinak ere asko mugatuko du haien jarduera. Neurri horiek urtarrilaren 11ra arte indarrean egongo diren arren, Jaurlaritzak astelehenero eta ostegunero berrikusiko du udalerri bakoitzeko egoera, eta zein herritako negozioek lan egin dezaketen eta zein herritakoek ez esango du. Horrek erabateko ziurgabetasun egoeran uzten dituela salatu dute ostalariek, eta laguntzak eskatu dizkiete Jaurlaritzari eta udalari, zergarik ez ordainaraztea kasu.