Koronabirusa Azpeitian

Santo Tomas egunean festa ekitaldirik ez dela izango baieztatu du udalak

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 11a, 11:12
Azpeitiko plaza, iazko Santo Tomas egunean.

Festan parte hartzen duten eragileekin hitz egin ondoren hartu du erabakia. "Egoerak arduraz jokatzea eskatzen duelako ez da ezer egingo abenduaren 21ean”, adierazi du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. San Sebastian jaietan ohiko danborrada jendetsurik ezingo dela egin eta "zerbait sinbolikoa egiteko aukera" aztertzen ari direla ere aurreratu dute.

Espero zena baieztatu du gaur Azpeitiko Udalak: aurten ez da festarik izango Santo Tomas egunez. Martxotik honako herriko beste festa nagusiekin zein auzoetakoekin gertatu bezala, koronabirusaren pandemiak zuzenean eragingo dio abenduaren 21eko jai egunari. Sansebastianak, karnabalak eta Matxinbentako santagedak dira 2020an bere horretan ospatu ahal izan diren festa bakarrak. Santo Tomas egunarekin batera, Elosiagako Santa Lutzi festak ziren urtea amaitu bitartean ospatzeko gelditzen zirenak, baina horiek ere ezingo dituzte egin aurten.

Santo Tomas egunean plazan postuak jartzen dituzten eragileekin eta eguneko gainerako ekitaldietan parte hartzen dutenekin hitz egin ondoren hartu du erabakia udalak, eta aurtengoan ezer ez antolatzearekin "guztiak ados" agertu direla dio. "Bizi dugun egoeran ezin da festarik egin, festak kalera irten eta herritarrak elkartzeko aitzakia izaten baitira. Aurtengoan, beraz, egoerak arduraz jokatzea eskatzen duelako, ez da ezer egingo abenduaren 21ean”, adierazi du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.

San Sebastian jai "sinbolikoak" aztergai

Gabon bueltako gainerako ekitaldi jendetsuak, Olentzeroren eta Mari Domingiren zein Errege Magoen etorrerak, zertan diren ez du aurreratu momentuz udalak, baina bai datozen sansebastianei begira lanean hasiak direla.

San Sebastian bezperako zein eguneko danborradetan parte hartzen duten taldeekin hizketan aritu da udala azken asteotan. 2021ean "kaleak danbor jolez beteta ikusteko" aukerarik ez dela izango diote udal arduradunek, eta ohiko danborraden ordez "zerbait sinbolikoa egitea aztertzen" ari direla aurreratu du. Datorren urtean 40 urte beteko dira danborra jotzen lehen emakumeak irten zirenetik, gertaera eta urteurren horren harira dokumentala egin du udalak, eta horren gaineko xehetasunak "datozen asteetan" emango dituela azaldu du.

Odriozolak "herritarrak eta eragileak eskertu" nahi izan ditu, "bizi dugun egoera ulertzeko eta arduraz jokatzeko erakutsitako konpromisoagatik": “Eragileek ulertu dute osasuna lehenesteko unea dela, eta eskertzekoa da hori. Eskertzekoa den bezala, beti elkarlanerako izaten duten jarrera”, gaineratu du.