Zu zeu

Julen Azpiazu: "Ikaragarri gustatzen zait pasarelara irtendakoan sentitzen den adrenalina"

Modaren, argazki sesioen eta pasarelen munduan murgilduta dabil Julen Azpiazu (Azpeitia, 2001). Modeloa da, eta gaztea den arren, askok lortu ez dutena lortu du denbora gutxian. Dagoeneko badu eskarmentua pasarela gainean. Bere orain arteko esperientziez hitz egin du 2020ko abenduko Uztarria aldizkarian.

Noiz eta nolatan hasi zinen modelo lanetan?

Aitak egindako proposamen baten ondorioz hasi zen dena. Duela bi urteko udan, DBHko ikasketak bukatu ostean, argazki album bat egitera animatu ninduen aitak, eta proposamenari heldu nion. Xanti Rodriguezen estudioan argazki sesioa egin eta hamar argazkiz osatutako albuma osatu nuen, ondoren modelo agentzietara aurkezteko. Uda amaitzearekin batera, irailean, Donostiako First Models agentzian aurkeztu nuen booka, eta balorazio oso ona jaso nuen. Horren ostean, hamar hilabete inguruko ikastaroa egin nuen, eta ikasketak amaitu bezain pronto hasi nintzen modelo lanetan.

Lehenago ez al zitzaizun burutik pasatu modelo aritzea?

Ez, sekula ere ez. Aitak proposatu zidan arte inoiz ez nuen modaren inguruko interes berezirik izan. Aitak animatu ninduelako hasi nintzen gaiarekin interesatzen. Pentsatu nuen esperientzia berri bat izan zitekeela eta saiatuta ez nuela ezer galtzen.

Zer ikasi zenuen modelo eskolan?

Astean hiru egunetan joaten nintzen modelo agentziako eskolara, eta egun bakoitzean bi orduko saioak egiten genituen; batzuk teorikoak izaten ziren, eta besteak praktikoak. Esaterako, modaren historia ikasi genuen. Hala ere, gauza praktikoak ziren gehien lantzen genituenak: pasarelan nola ibili, argazkietarako nola posatu, aurpegiko espresioa nola aldatu... Antzezten ere ikasi genuen zertxobait, hori garrantzitsua baita publizitate arloko lanetarako. Dena den, pasarelan praktikatzen ematen genuen denbora gehien.

Zer-nolako lanak egin dituzu orain arte?

Gaur-gaurkoz, bi modelo agentziak errepresentatzen naute, eta horien bitartez iristen zaizkit lanerako proposamenak. Orain arte, denetariko lanak egin ditut: desfileak, argazki sesioak, publizitaterako saioak...

Zer sentitzen da pasarela batean desfilatzean?

Aurreneko aldiz pasarelan atera nintzenean oso urduri nengoen, baina asko gustatu zitzaidan esperientzia. Ikaragarri gustatzen zait pasarelara irtendakoan sentitzen den adrenalina, eta uste dut hori dela, oraingoz, modelo lanetik gehien gustatzen zaidan egitekoa. Dagoeneko hainbat desfiletan parte hartu dut, hala nola Donostiako San Telmo museoan, Bilbon, Tolosan...

Zer ezaugarri izan behar ditu pertsona batek modelo izateko?

Nire iritziz, lau ezaugarri dira garrantzitsuenak: altuera, ilea, begiak eta irribarrea; oro har, espresioa. Ileari dagokionez, uste dut modeloak ile luzea izanez gero, diseinatzaileek edo ile-apaintzaileek gauza gehiago egiteko eta ilearekin jolasteko aukera dutela.

Arropa gustatzen al zaizu?

Bai, baina batez ere trajeak atsegin ditut. Oso dotoreak iruditzen zaizkit, eta trajea jantzita segurtasun handiagoa sentitzen dut.

Ba al duzu erreferenterik?

Andres Velencoso eta Jon Kortajarena. Itxura fisiko ona dute biek, eta oso profesionalak dira lanean. Arreta handia jartzen dut beste modeloen lan egiteko moduan, horrela beti ikasten baita zerbait. Gainera, beti saiatzen naiz gauza berriak ikasten eta dakidana hobetzen.

Zein da zure ametsa?

Ditudan nahiak eta ametsak oso handiak dira... Gustatuko litzaidake Jon Kortajarena iritsi den lekura iristea, baina jakin badakit hori oso zaila dela. Horregatik, oraingoz, modelo lanetan jarraitzea nahi dut. Orain lana egin, eta etorkizunean, ahalko banu, arropa marka propioa sortzea gustatuko litzaidake. Horiek etorkizuneko erronkak dira, ordea. Epe motzean modelo lanetan jarraitzea eta gauza berriak probatzea gustatuko litzaidake.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide