Herriko ostalariek eta haien hornitzaileek manifestazioa egingo dute bihar eguerdian

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 10a, 13:39
Herriko ostalariek deituta azaroaren 7an egin zuten elkarretaratzea.

12:00etan elkartuko dira plazan, eta SOStalaritza lelopean herrian zehar auto karabana egingo dute bizi duten egoera salatzeko.

Herriko ostalariak eta haien hornitzaileak une zailak pasatzen ari dira, eta euren haserrea adierazteko eta laguntza eskatzeko manifestazioa egingo dute bihar eguerdian. 12:00etan elkartuko dira plazan,  eta SOStalaritza lelopean herrian zehar auto karabana egingo dute.

Izan ere, negozioak hilabetez itxita izan ostean, larunbatetik aurrera martxan hasteko baimena eman die Eusko Jaurlaritzak, baina muga dezenterekin. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik beherakoa den herrietan, terrazak %100ean zabaldu ahal izango dituzte, baina barrualdeko edukiera erdira murriztu beharko dute, eta ezingo da barran kontsumitu. 20:00etarako ateak itxi beharko dituzte gainera.

Ordutegiak eta barran kontsumitzeko debekuak taberna askoren jarduera asko mugatuko du, eta horrenbestez, baita hornitzaileena ere. Urtarrilaren 11ra arteko arauak mahai gainean daude, eta ostalari askoren etsipena agerikoa da, kontuan hartuta Gabonetako sasoia badatorrela.