Eduki babestua

Herritarren babesarekin jarraitzen du Enkarguk zerbitzuak

Uztarria.eus 2020ko abe. 9a, 12:36

Erraztasuna eta erosotasuna dira bezeroek gehien baloratu dituzten ezaugarriak. Emaitza positiboak ikusirik, Enkarguak doan izango dela abenduan aurreratu dute zerbitzuaren arduradunek.

Duela bi hilabete jarri zuten abian Enkarguk zerbitzua, eta ordutik, 35 lanegun gauzatu ditu egitasmoak. Guztira, 700 enkargu jaso dituzte, eta eskaera horiek eginda herritarrek 12.000 euro gastatu dituzte herriko elikagai saltokietan.

Zerbitzuaren erabiltzaileek asebetetze inkesta bete dute, eta %93ak “oso ondo” baloratu du Enkarguk, eta %7ak, berriz, “ondo”. Gainera, erabiltzaileen %100ak zerbitzua berriro erabiltzeko asmoa agertu du.

Erraztasuna eta erosotasuna dira bezeroek gehien baloratu dituzten ezaugarriak. Erosketak kontsignan jasotzen duen erabiltzailea da Joanes Otamendi: “Herriko merkatarien eta azpeitiarren arteko zubia da Enkarguk, are gehiago, merkataritza txikiaren ohiko ordutegian erosketak egin ezin ditugunontzat”. Etxez etxeko zerbitzuaren erabiltzailea da, berriz, Igor Ezpeleta, eta bere esanetan: “Izugarrizko erraztasunak eskaintzen ditu Enkarguk zerbitzuak denboraz larri gabiltzanontzat. Oso erosoa da erosketak etxean jasotzea, batez ere, ume txikiak izanez gero”.

Emaitza eta balorazio positiboak ikusirik, Enkarguak doan izango dela abenduan aurreratu dute zerbitzuaren arduradunek. Gainera, Gabon garaiko egutegia ere zehaztu dute, eta hilaren 21ean, 24an eta 31n goizez egingo dute lan. Hala, egun horietan erosketak jaso nahi dituztenek, aurreko eguneko arratsaldeko 19:00ak aurretik eskatu beharko dituzte.