Elkarrizketa

Jose Luis Larrañaga: "Krisi honen ondorioz, gauza eta egiteko modu berriak ikasiko ditugu"

Nerea Uranga 2020ko abe. 9a, 11:30
(Argazkia: Nerea Uranga)

Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzailea da azkoitiarra. 1970eko hamarkadaren erdian ekin zion enpresa proiektu horri Estanis eta Nemesio Iriarte anaiekin batera. Joxe Mari Korta sarietako bat jaso zuen joan den azaroaren 23an.

Jesus Gibelaldek, Antton Sukiak, Jose Mari Bergaretxek eta Jose Luis Larrañagak (Azkoitia, 1946) jaso dituzte aurtengo Korta sariak. Joxe Mari Korta enpresari zumaiarra zenaren omenez 2000. urtetik urtero ematen dituzte sariak Kortaren Bidetik Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak. Larrañaga Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzaileetako bat da, eta Sarralletik sortutako Litaphar Laborategietako kontseilaria eta presidentea ere bada.

Galdaragintzako eta altzari metalikoak ekoizteko proiektuarekin abiatu zuten Sarralle enpresa 70eko hamarkadaren erdialdean Larrañagak eta Nemesio eta Estanis Iriarte anaiek. Gaur egun, berriz, bost negozio lerro ditu Sarralle Taldeak: altzairutegiko eta laminazioko instalazioak, elaborazio ildoak, ingurumena eta energia, altzari metalikoak eta biltegi sistemak.

Korta sarietako bat jaso zenuen joan den azaroaren 23an. Gustura?

Bai, oso gustura. Hunkituta nago, eta asko eskertzen diet Korta familiari eta Bidetik Fundazioari.

Sarituetako bat zinela jakitean, nola erreakzionatu zenuen?

Sorpresa handiarekin jaso nuen berria. Ohore bat da Euskal Herrian hain eredugarria den sari hau jasotzea. Joxe Mari Korta Gipuzkoako eta Euskadiko enpresariontzako eta euskal gizartearentzako erreferente bat izan zen, eta egun ere hala izaten jarraitzen du. Beraz, oso gustura nago Korta sendiak eta Bidetik Fundazioak nigan jarri duten konfiantzagatik. Joxe Mari [Korta] gaztetan ezagutu nuen, ikasten ari ginen garaian. Ondoren, bakoitzak bere aldetik enpresa eta familia aurrera ateratzeko lan asko egin genuen. Beraz, horregatik guztiagatik, niretzat oso berezia izan da sari hau jasotzea.

Enpresa munduan hasterako, nondik norakoa izan zen zure bidea?

16 urtera arteko ikasketak Donostian egin nituen, eta urte haietan ezagutu nuen Joxe Mari Korta. Ondoren, Azkoitira itzuli nintzenean, nire ikasketekin jarraitu nuen, eta aldi berean, lana egiten nuen.

Sarrallen hasi aurretik beste enpresaren batean ibili al zinen?

Bai, ibilbide profesionalean garai desberdinak izan ditut. Hasierako urteak kooperatiba munduan egin nituen: lan egiten nuen enpresaren itxiera eta kooperatiba baten birmoldaketa bizi izan nituen orduan. Haiek izan ziren enpresa munduan nire lehen urteak, eta nire ezagutza profesionalean lehen pausoak.

Sarralle Taldearen bazkide fundatzailea zara. Nola gogoratzen duzu Sarralleren sorrera?

Kooperatiba munduan lan egin ondoren, 1973. urtean, bi pertsona garrantzitsurekin egin nuen topo: Estanis eta Nemesio Iriarte azpeitiarrekin, Sarralle anaiekin. Tradizioz enpresa sortzaileak izan ziren haiek, ordurako galdaragintzan hamabi urte zeramatzaten, eta proiektu berri bati eman nahi zioten forma. Garai hartan, bertako bezeroentzat egiten zuten lana, eta gure mugez haratago iristea zuten helburua.

Hala, proiektu berria jarri zenuten martxan.

Ideia berriekin eta lanerako izugarrizko grinarekin proiektu berria lantzen jardun genuen hiru urtez: alde batetik, galdaragintzari, eta bestetik, altzari metalikoen dibisioei forma emanez. 1976. urtean erregistratu genuen egun Sarralle izenarekin ezagutzen dugun enpresa, eta orduan jarri ahal izan genuen jarduera abian Azpeitian. Gure produktua eta zerbitzuak urrunagoko lurraldeetara eramateko ilusioarekin heldu genion proiektu berri hari.

Zein zen orduko Azpeitiko industriaren testuingurua?

Garai hartan, Azpeitian egurraren sektorean lan egiten zuten enpresa gehienek, eta metalaren industriaren jarduera gehitzen ari zen urtez urte.

Egun, Sarrallek 120 milioi euro fakturatzen ditu eta 500 langiletik gora ditu, Euskal Herrian ez ezik, munduko beste zazpi herrialdetan banatuta (India, Txina, Mexiko, AEB, Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak eta Italia). Bada zerbait, ezta?

Bai, hainbeste lan egin genuen galdaragintza enpresa hura, denboraren poderioz, enpresa handi bat bihurtu da. Azpeitian kokatuta jarraitzen du enpresak, eta inguruarekin eta langileriarekin konpromiso indartsua dugu. Proiektuaren hasieran bezala, ordea, gure helburuek eta grinak mugarik ez dute; hau da Euskal Herrira eta atzerrira begira jarraitzen dugu, filosofia hori ez da aldatu.

Atzera begiratzen dudanean, lortu dugun guztia ikusita izugarrizko poza sentitzen dut, eta daukagun lantaldeaz harro sentitzen naiz. Hori guztia nire enpresako bazkide Estanis eta Nemesio Iriarte anaiekin batera egindako lanaren ondorioa da, eta orain daukaguna hiru bazkideok amestu genuen proiektuaren fruitua da.

Hau guztia ez litzateke posible izango Sarralle Taldea osatzen duten pertsona guztien laguntzarik gabe; hori garbi azaldu nahi dut. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiet egungo Sarralleko zuzendaritzari, haren buru den Elias Gonzalezi eta taldea osatzen duten 500 langileei, Sarralle aurrera ateratzeko egunero egiten duten lanagatik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.