'Dragoiaren gidaria' eta 'O que arde' filmak emango dituzte igandean eta astelehenean Soreasun

Julene Frantzesena 2020ko abe. 24a, 08:36

Bi film horien hiru emanaldi izango dira igandean eta astelehenean. Dragoien gidaria igandean 16:30ean ikusi ahal izango da, eta O que arde 19:00etan. Astelehenean ere ikusi ahal izango da Galiziako suteei lotutako istorioa jasotzen duen filma.

Gabon sasoian ere ez du etenik izango herriko zinema eskaintzak; izan ere, igandean eta astelehenean bi film ikusteko aukera izango da Soreasu antzokian. Hain zuzen ere, igandean Dragoien gidaria (16:30) eta O que arde (19:00) filmak emango dituzte, eta astelehenean O que arde (19:00). Hiru emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus atarian eskura daitezke.

Dragoiaren gidaria Tomer Eshed-ek 2020an ekoiztutako animaziozko filma da. Honako hau da lanaren sinopsia: "Istorioak Firedrake dragoiaren abenturak kontatzen ditu. Dragoi gaztea da, gizakiengandik basoan ezkutatzen ibili beharraz nekatuta dagoena eta leinuko nagusiei jada benetako dragoia dela erakusteko irrikaz dagoena. Izan ere, gizakiak dragoien azken babeslekua suntsitzeko zorian daudenean ekingo diote Firedrakek eta bere lagun Gorritxok Zeruaren Ertzaren bila joateko abenturari ezkutuan, kondairak dioenez bertan baitago dragoien santutegia. Bilaketa-bidaia horretan Firedrakek eta Gorritxok Ben ezagutuko dute, beraiekin bat egingo duen kaleko mutil umezurtza. Baina laster igarriko diote ez doazela bakarrik... Zatartor atzetik doakie eta. Munstro izugarri ikaragarria da, eta asmo bakarra du: Lurreko dragoi guztiak aurkitu eta akabatzea".

O que arde, berriz, 2019an Oliver Laxen zuzendutako drama generoko filma da. Honako hau da haren sinopsia: "Amadorrek ez du inor bere zain, sute bat eragiteagatik zigorra bete ondoren espetxetik ateratzen denean. Etxera itzuliko da, Lugoko mendietan galdutako herrixka batera, eta han berriz bizi beharko du Benedicta amarekin, Luna txakurrarekin eta bere hiru behiekin. Bizitzak astiro-astiro igaroko dira, naturaren erritmoan, harik eta sute bortitz batek ingurua suntsitu eta dena aldatu arte".