Euskaraz egitea urte osoko erronka denean

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 8a, 14:30
Ikasleak eta irakaslea, Azpeitiko Udal Euskaltegiko gela batean. (Azpeitiko Udala)

Euskara ikasteko edo hobetzeko ahaleginean aritzen dira herritar asko euskaltegietan. Azpeitiko Udal Euskaltegian nabarmen igo da ikasle kopurua. Ikasten ari direnen ahalegina aitortu nahi dute arduradunek. Intza Larrañaga eta Juanpi Acrogliano ikasleek beren esperientzia azaldu dute.

Joan dira bigarren Euskaraldia eta aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna, baina euskarak hor jarraitzen du, bere ajeekin, baina aukeraz betetako zakuarekin ere bai. Aukerak, ajeak, ikasteko gogoa, lana, helburuak. Horiek eta gehiagok lotzen dituzte euskararekin hizkuntza ikasteko edota hobetzeko euskaltegietan ikasten ari direnak.

Gainerako arlo ia guztietan bezala, pandemiaren itzalpean, 2020-2021 ikasturtea ez da erraza izaten ari euskaltegietan. Askotan behera egin dute matrikulazioek, baina ez da hori izan Azpeitiko Udal Euskaltegiaren kasua: matrikulazioak gora egin du; %31 igo da aurreko ikasturtearekin alderatuta, eta talde bat gehiago dute aurten B1 mailan. Guztira, 125 ikasle dituzte aurten, eta 91 izan zituzten 2019-2020 ikasturtean.

Autoikaskuntza

Autoikaskuntzaren aukera, ikastaroak Internet bidez egin ahal izatea, eskaini du aurten lehen aldiz Azpeitiko euskaltegiak. Udan "proba gisara ikastaro batzuk" eskaini zituzten lehendabizi, C1 eta C2 mailetakoak, eta 2020-2021 ikastaro honetan hasi dira online aukera bere horretan eskaintzen. "Lehendik zetorren eskari bat" zegoela dio Eneritz Albizuk, Azpeitiko Udalaren Euskara batzordeburuak, eta horri erantzuten jakin dutela orain. "Herritarrek eskertu dute, matrikulazio datuetan oso agerikoa da". Albizuren aburuz, "jende askori hobeto datorkio ikasketa eredu hori", eta pandemiak ere izan du eragina online aritzearen aldeko apustuan: "Asko ohitu gara pantaila aurrera, eta jende askorentzat aukera on bihurtu da, biharko egunean berriro konfinatzeko arriskua kontuan hartuta ere bai".

30 ikasle ari dira autoikaskuntzaren aukera baliatzen.

Beharra eta errealitatea

Online eskaintzaren arrakasta nabaria izan da, baina aurrez aurreko ohiko ikastaroetan ere igo egin da ikasleen kopurua: 95 joaten dira euskaltegira eskolak hartzera, 11 taldetan banatuta.

"Krisialdietan, jendea lan bila ari denean edo bere lana arriskuan ikusten duenean, beste ikastaro batzuk egiten diren bezala, aukera bat izaten da euskara ikastea edota indartzea", azaldu du Albizuk, matrikulazioaren gorakadaren beste arrazoietako bat aipatuz.

Azpeitian, gainera, euskararen beharra sumatzen dute herrira datozenek. "Beti esaten dugu Azpeitia herri euskalduna dela, hemen euskaraz bizi garela, sozializatzeko gure hizkuntza euskara dela. Uste dut hona iristen diren herritarrek ere antzematen dutela hori, gure herrian integratzeko tresna inportantea dela euskara", dio batzordeburuak. Herrira datozenek hizkuntza bereganatzeko egiten duten "ahalegina" eta azaltzen duten "konpromisoa" eskertzekoak dira, Albizurentzat: "Azpeitia herri euskalduna da belaunaldiz belaunaldi jaso dugulako hizkuntza, baina baita kanpotik etortzen direnek ikasteko esfortzu hori egiten dutelako ere".

Intza Larrañaga (C2 mailako ikaslea): "Lana eta denbora eskatzen ditu, baina gustura ari naiz"

Zergatik erabaki zenuen euskaltegian izena ematea?

Alde batetik, etorkizunean pentsatuta, lana hemen inguruan egin nahi dudalako eta C2ko titulua izatea baliagarri izango dudalako. Bestetik, nire euskara hobetzeko. Zuzenbidea ari naiz ikasten, eta ikasketak euskaraz egiten ari naizen arren, legeak eta gauza guztiak erdaraz daude. Euskaran aberastasun handiagoa lortu nahi dut, nahi dudana adierazteko.

Zer moduzkoa ari da izaten orain arteko esperientzia?

Astean bi egunetan izaten ditugu eskolak, bi ordu eta erdi egun bakoitzean. Bi astean behin tutoretzak izaten ditugu, irakaslearekin bakarka, etxean egindako idazlanak-eta zuzentzeko. Egia esanda, uste nuena baino zailagoa da. C2 maila nahiko teknikoa da, EGAtik dezenteko saltoa dagoela esango nuke. Lana eta denbora eskatzen ditu, baina gustura ari naiz.

Zer da gehien gustatzen ari zaizuna?

Klasean jende desberdina elkartzen gara, bakoitza geure jakinduriarekin, eta jakinduria horiek trukatzen ditugu. Besteen iritziak entzuten ditugu, edota etxean egiten ditugun lanak alderatzen ditugu, eta horrek aldea egiten du. Hori ari zait gustatzen, aberasgarria dela iruditzen zait.

Eta ba al da aldatuko edo hobetuko zenukeen zerbait?

Ez, egia esan, ez daukat kexarik. Esan bezala, orduak sartzea eta lana egitea eskatzen du C2 mailak, baina uste dut beharrezkoak direla ordu horiek guztiak.

Juanpi Acrogliano (A1 mailako ikaslea): "Jendeak gogo onez hartzen du kanpokoek euskara ikastea"

Zergatik erabaki zenuen euskaltegian izena ematea?

Hamabi urte badira Azpeitian bizi naizela, baina aurten erabaki dut euskaltegian hastea. Argentinan egonaldi bat egin nuen, eta han jendeak galdetzen zidan ea hizkuntza ikasi al nuen eta patinetearekin –nire betiko zaletasuna– jarraitzen al nuen. Eta konturatu nintzen ezetz, ez bata eta ez bestea, eta pena eman zidan. Orduan erabaki nuen Euskal Herrira itzulitakoan patinetea berreskuratzea eta erronka berri bati ekitea, euskara ikasteko.

Noiztik ari zara ikasten?

Urte honen hasieran ikastaro trinkoa egin nuen aurrena; hilabete bat, egunero lau ordu eskolak hartzen. Gogorra izan zen, baina asko ikasi nuen. Hori bukatuta, ikasturte hasieratik martxan zen talde batean hastekoa nintzen, baina konfinamendua iritsi eta aurrez aurreko eskolak bertan behera gelditu ziren. Ikasturte berria hasi zenean, berriro eman nuen izena.

Zer moduzkoa ari da izaten orain arteko esperientzia?

Momentuz, oso eroso sentitzen naiz euskaltegian, oso gustura ari naiz. Correosen ari naiz lanean, eta euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera daukat, jendearekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz, ahal dudan neurrian.

Zer esango zenieke euskaltegian hasi ala ez hasi daudenei?

Hemengo jendeak oso gogo onez hartzen du kanpotik datozenek euskara ikastea nahi izatea. Euskaltegian oso ondo hartuko dituzte; animatzeko esango nieke.