Udalak lizitaziora atera ditu Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko obrak

Andoni Elduaien 2020ko abe. 5a, 08:00

Esklabak-Iturtzulo eremuko etxebizitza guztiak exekuzio fasean daude dagoeneko. Bigarren fasean 67 etxebizitza eraikiko dituzte, eta lanek 6.273.640 euroko aurrekontua izango dute.

Azpeitiko Udalak lizitaziora atera ditu Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko obrak. Babestutako 67 etxebizitza egingo dituzte han; 39 babes ofizialekoak izango dira, eta 28 etxebizitza tasatuak. Bigarren eremuko obren aurrekontua 6.273.640 eurokoa izango da, eta udalak jakinarazi du interesa duten enpresek urtarrilaren 4ra bitarteko epea dutela proposamenak aurkezteko. Obrak esleitutakoan eta kontratua sinatutakoan, "hemezortzi hilabeteko epean" eraikiko dituzte etxebizitzak, udalaren arabera.

Bigarren faserako izen-ematea 2019ko abenduan egin zuten. Zozketa, berriz, ekainaren 18an egin zuten, udalaren hitzetan "aurreikusi baino beranduago", osasun alarma egoera zela-eta atzeratu egin behar izan baitzuten. Etxebizitza guztiak esleitu eta kontratua sinatu ostean, lizitaziora atera du orain bigarren fasea udalak.

Iaz jarri zituen Azpeitiko Udalak abian lehen faseko obrak, orain bigarrengoak jarri dituzte. "Pauso garrantzitsua da babestutako etxebizitza publikoen eskaintzak epe motzean gauzatzea eta herritarren eskura izango direla ikustea. Izan ere, oinarrizko eskubide bat baino gehiago da. Etxebizitza baten erosketak eragin zuzena du familia baten bizi kalitatean; eta udaletik herritarren bizi kalitatea hobetzeko neurriak hartzen ari gara", adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Lehen fasea, "martxa onean"

Udalak azaldu dueneez, lehen faseko obrak "bide onetik" eta "aurreikusitako epeen arabera" ari dira eraikitzen. Iazko udan jarri zuten lizitazio prozesua abian, eta aurten, urtarrilean, hasi zituzten obrak. Lehen fase horretan 62 etxebizitza ari dira eraikitzen; 29 babes ofizialekoak eta 33 etxebizitza tasatuak. 2021eko udazkenerako etxebizitzak eraikita izatea aurreikusi du Azpeitiko Udalak.