Koronabirusa Azpeitian

Beheranzko joerari eusten dio Azpeitiko intzidentzia tasak

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 4a, 13:04

Egoera pixakanaka egonkortzen ari da herrian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, atzo sei positibo baieztatu zituzten Azpeitian, eta 31 izan dira azken zazpi egunotan. Joan zen astean, 34 positibo baieztatu zituzten, eta, beraz, positibo kopuruak ez du hainbeste egin behera. Dena den, intzidentzia tasak beheranzko joerari eusten dio: 431,75ekoa da gaur-gaurkoz tasa hori, eta duela astebete, 604,45ekoa.

COVID-19ak eragindako izurriteari dagokionez, Azpeitiko egoerak egonkortzera egin du azken astean; hori baieztatu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratutako datuek. Atzo sei positibo baieztatu zituzten herrian, eta 31 izan dira azken zazpi egunotan zenbatutakoak. Joan zen ostiralean, 34 ziren astebetean metatutako positiboak, eta duela bi ostiral, 57. Azken zazpi egunetan, 4,43 lagunek eman dute positibo, batez beste.

Azken asteko positibo kopuruak zertxobait behera egin du, eta hori islatzen du intzidentzia tasaren bilakaerak ere. Osasun Sailak hamalau eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko, eta grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Irailaren bukaeratik urriaren amaierara etengabe hazi zen zenbateko hori Azpeitian; are gehiago, tasak goia jo zuen urriaren 30ean –1.700,43 izan zen egun hartako intzidentzia tasa–. Orduz geroztik, beheranzko joera hartu zuen positibotasun tasak. Asteartean –abenduak 1–, gainera, intzidentzia tasa 500etik jaitsi zen herrian, urriaren 6tik lehen aldiz; hala, COVID-19aren eragina neurtzeko ezarrita duten larritasun mailan gorritik laranjara pasatu da Azpeitia. Gaur-gaurkoz, 431,75ekoa da intzidentzia tasa herrian; duela astebete, 604,45koa zen tasa hori, eta duela bi aste, 1.069,41koa. Beraz, beheranzko joerari eusten dio intzidentzia tasak.

Eskualdean ere, egonkortzeko joera

Azpeitian ez ezik, eskualdean ere egonkortzera egin du egoerak azken astean; pandemiaren bigarren olatua ari da pixkanaka indarra galtzen. Osasun Sailak emandako datuen arabera, hamasei kasu zenbatu zituzten atzo Urola Kostan, bezperako kopuru bera.

Sei positiborekin, Azpeitia da kasu gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria. Azkoitian, bi kasu atzeman dituzte, eta semaforoak gorri kolorez margotuta jarraitzen badu ere, intzidentzia tasa gero eta hurbilago dago 500etik: 508,8ko tasa dute gaur-gaurkoz Azkoitian. Zarautzen, lau kasu baieztatu dituzte –360,5eko kasu metatuen tasa du herri horrek–, bi Getarian, eta pandemia hasi zenetik lehendabizikoz kasu bat atzeman dute Beizaman. Eskualdeko beste sei herrietan ez dute positiborik zenbatu.

Hego Euskal Herrian, dezente egin du behera positibo kopuruak: herenegun 743 positibo baieztatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 602 atzo. Era berean, beste 40 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietan atzo, eta guztira, 335 lagun zeuden Osakidetzaren erietxeetan; ZIUn, berriz, 129 pertsona zeuden ospitaleratuta.