Koronabirusa Azpeitian

Lau kasu positibo gehiago zenbatu dituzte Azpeitian

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 3a, 14:36

Azken bi egunetako datu berbera errepikatu da gaurkoan ere Azpeitian. Osasun Sailak beste lau kasu positibo atzeman ditu. Intzidentzia tasa, bestalde, 400dik beherakoa da gaur-gaurkoz.

Lau kasu positibo berri zenbatu ditu Osasun Sailak Azpeitian. Azken bi egunetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datu bera da, beraz, gaur emandakoa ere. Eremu laranjan sartuta dago Azpeitia; izan ere intzidentzia tasa 391,90ekoa da herrian. 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen kopurua 664,23koa zen joan den astean, eta 1.162,40 zen duela bi aste. Intzidentzia tasa erdia baino gehiago jaitsi da hamalau egunetan.

Azken astean 28 kasu positibo detektatu ditu Osasun Sailak Azpeitian egindako PCR eta antigeno probetan. Lehen kasua herrian agertu zenez geroztik, berriz, 997 herritarrek eman dute posibo gaitza atzemateko probaren batean.

Eskualdeko joera

Pixkanaka-pixkanaka, koronabirusa indarra galtzen ari da Urola Kosta eskualdean ere, eta hori baieztatzen dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian kaleratu dituen datuek ere. Azpitiko lau kasuez gain, beste hamabi positibo atzeman zituzten Urola Kostako herrietan, herenegun baino bi gehiago dira. Eta intzidentzia tasek beheranzko joerari eutsi diote udalerri guztietan. Aipatzekoa da Orio eremu gorritik atera dela, hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo kopurua 500etik beherakoa delako. Getariakoa ere 500 baino txikiagoa da jada, baina udalerri horrek 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez dute koloreen eskema horretan sartzen. Horrenbestez, gaur, Azkoitia da eskualdeko herri gorri bakarra.

Atzo Zarautzen eta Azkoitian atzeman zituzten positibo gehien; bosna. Azkoitiko hamabost eguneko intzidentzia tasa altuagoa da Zarauzkoa baino, baina azken zazpi egunotan Zarautzen positibo gehiago baieztatu dituzte Azkoitian baino: 35 izan dira Zarautzen, eta hemeretzi izan dira Azkoitian. Dena dela, herenegundik atzora intzidentzia tasa jaitsi egin da bi herrietan: Zarautzen 377,67tik 364,79ra, eta Azkoitian 650,60tik 517,14ra, hain zuzen.

Getarian eta Orion, berriz, positibo bana baieztatu zuten atzo. Horiekin, sei dira azken astean Getarian zenbatu dituztenak, eta 11 dira Orion zenbatutakoak. Bi herrietako intzidentzia tasek beheranzko joerari eutsi diote, eta horren proba da 500eko langa atzean utzi izana. Getarian 491,92 da tasa, eta Orion 412,47.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positiborik atzeman atzo.

Hego Euskal Herrian, positibo gehiago

Atzo 11.246 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 743k positibo eman zuten; horrenbestez, %6,6koa da positibotasun tasa. Herenegungo datuak baino txarragoak dira, bai positibo kopuruari eta baita positibotasun tasari dagokionean ere.

Lurraldeka, Araban bakarrik jaitsi da positibo berrien kopurua, eta Nafarroan ehundik gora baieztatu zituzten atzo.

Dena dela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoera zertxobait lasaitzen ari da. Atzo 32 lagun ospitaleratu zituzten, eta, denera, 337 daude erietxean, horietatik 127 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Duela astebete, aldiz, 403 lagun zeuden ospitaleratuta, horietatik 134 ZIUn.

Nafarroan, aldiz, 1.590 proba egin zituzten atzo, eta 111 kasu positibo zenbatu zituzten. Positibotasun tasak gora egin du, beraz, han. Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo baino hemezortzi lagun gutxiago daude erietxeetan ospitaleratuta. Hala eta guztzi ere, 153 lagunek erietxean, horietatik 30 ZIUn eta hamabi etxean ospitaleratuta.