Euskararen Eguna ospatuko dute bihar ikastetxeetan eta Udal Euskaltegian

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 2a, 17:48
Iaz abenduaren 3an Sanagustin kulturgunean egin zuten ekitaldi irekiaren irudi bat.

Egun osorako egitarauak prestatu dituzte Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan. Euskaltegiko ikasleek, berriz, lehiaketak egingo dituzte euskaltegian bertan, eta arratsaldean Korosagasti filma ikusteko aukera izango dute Sanagustin kulturgunean.

Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Azpeitian, ikastetxeetan eta Udal Euskaltegian modu berezian ospatuko dute eguna.

Euskararen Egunari lotuta barne lanketa egiten ari dira egun hauetan Azpeitiko Ikastola Ikasberrin maila desberdinetan. Pandemiak eragin duen egoera tarteko, aurretik mailaka banatuta dauden taldeetan ari dira egiten lanketa. Esaterako, LH 4, 5 eta 6 mailetako ikasleak Ondo hitz egiten al dugu euskaraz? gogoeta egiten ari dira, gurasoen eta irakasleen parte hartzearekin. Euskararen Egunean, lanketa horri lotuta egin dituzten komikiak eta esketxak erakutsiko dituzte. DBHkoak, berriz, Uemarekin ari dira beste lanketa bat egiten. Eta txikienek, HHkoek eta LHko 1, 2 eta 3 mailetakoek, Mari Domingiren etorrera izango dute bihar. Mailaka egin duten lan horren erakusgarri izango den ikus-entzunezko bat egingo dute bihar bertan, "ikastolaren eta euskararen artean eten ez den hari hori irudikatuz".

Iraurgi Ikastetxean, euskal musikarekin girotuko dute ikastetxea eskolak hasterako, jolastorduan eta eskolarako sarrera-irteera guztietan. Rokitxo maskotak harrera egingo die ikasleei eta gurasoei goizeko bederatzietan, eta hau eskolako eta HHko geletara joango da ondoren. LHko maila guztietan Euskaraldiarekin lotutako unitate didaktikoak landuko dituzte goizean, eta LH 5eko ikasleek sortu dituzten bertsoak hormairudietan jarriko dituzte ikastetxean zehar. DBH1eko ikasleek euskararen inguruko kartelak egin eta jarriko dituzte ikastetxeko hainbat txokotan. DBH eta DBHOko ikasleek, gainera, euskarazko filmak ikusiko dituzte, eta Euskararen Egunaren zein Euskaraldiaren gainean hausnartzeko tartea ere izango dute. Arratsaldean kirola eta festa giroa uztartuta ospatuko dute Euskararen Eguna Iraurgiko ikasleek: abestiak, dantzak, ipuinak eta aurpegi margoketa prestatu dituzte HHkoentzat; eta herri kirolak eta Euskal Olinpiada izango dituzte, hurrenez hurren, LH 1, 2 eta 3 eta LHko 4, 5 eta 6 mailetakoek.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ere Euskaraldia lantzen aritu dira azken asteetan, eta biharko Euskararen Eguna baliatuko dute Euskaraldiari lotutako egitasmoak bukatzeko. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan goizean goizetik ez dute musikarik faltako. Gainera, Haur Hezkuntzan egunean zehar pertsonaia mitologikoen lanketa, euskarazko leloak, dantzak, aurpegi margoketa eta tailerrak egingo dituzte. Lehen Hezkuntzan, berriz, dantzak, karaokea, muralak, bertsoa... izango dituzte; eguraldi ona egiten badu, arratsaldean herritik zehar ibiliko dira; eguraldia txarra bada, aldiz, euskarazko zinea izango dute.

Urola Ikastolan ere festa giroan ospatuko dute Euskararen Eguna. 11:30 eta 14:30 artean hainbat ekintza aurreikusita dituzte. Denbora-pasak antolatu dituzte, euskararen tamainari buruzko hausnarketak egingo dituzte zenbait bideo ikusi ondoren, lehiaketak egongo dira, bideoak, abestiak... eta txokolatea ere ez dute faltako. Taldeka, argazkiak ere aterako dituzte ikasleek.

Lehiaketak eta zinea

Udal Euskaltegiko ikasleek eta irakasleek Sanagustin kulturgunean antolatutako ekitaldiekin ospatu izan dute Euskararen Eguna azken urteetan. Aurten, ordea, koronabirusa dela-eta beste era bateko ospakizunak eta ekitaldiak prestatu behar izan dituzte.

Horrela, lehiaketa bana antolatu dute, umeentzat bat eta helduentzat bestea, eta euskaltegian bertan egingo dituzte biak. Umeek marrazki lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute, euskara gai hartuta. Marrazkiak euskaltegiko korridoreetan jarriko dituzte, eta irakasleen eta ikasle helduen botoekin erabakiko dute irabazlea. Ikasle helduek, berriz, bi galderari erantzun beharko diete: "Zer eman dizu zuri euskarak? Zer da zuretzat euskara?". Erantzunak idatzi, eta horiek ere korridoreetan jarriko dituzte, eta ikaslee gazteenek aukeratuko dute, kasu horretan, gehien gustatu zaien erantzuna. Sariak ere prest dituzte irabazleentzat: umeentzat margo sorta bat, eta helduentzat liburu bat.

Eguna borobiltzeko, ordea, joango dira aurten ere ikasleak Sanagustinera, iluntzean, beraientzat espresuki prestatutako emanaldiaz gozatzera: Korosagasti filma ikusteko aukera izango dute, hain zuzen.