3.380 kilo hondakin jaso dituzte Ibaieder eta Errezil erreketatik

Anartz Izagirre 2020ko abe. 2a, 15:52

Urrian ekin zion Azpeitiko Udalak Urola ibaiarekin elkartzen diren Ibaieder eta Errezil errekak garbitzeari, eta bost kilometroko eremuan ibili da lanean Txukun lorazaintza enpresa. Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak Urola ibaian lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du.

Joan den hilabetean azaldu zuen Azpeitiko Udalak Ibaieder eta Errezil ibaiak garbitzeko asmoa, eta hilabeteren ostean garbiketa horren emaitzak azaleratu ditu erakundeak. Guztira, 3.380 kilo hondakin jaso dituzte bost kilometrotako eremutik, eta, ondoren, Lapatx zabortegian sailkatze lanak egin dituzte. 160 kilo egur, 380 kilo txatarra, 120 kilo plastiko 60 gurpil eta 2.660 kilo errefuxa bildu dituzte bi erreketan. Udalak Txukun lorazaintza enpresa kontratatu zuen lanok gauzatzeko, eta 15.543 euroko aurrekontua izan dute.

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, azken urteetan "ahalegin berezia" egin dute Urola ibaia eta bere inguruak zaintzeko nahiz berreskuratzeko. Erakundeak nabarmendu du Urolak aldez alde zeharkatzen duela herria, eta "izugarria" dela ibaiak Azpeitian duen presentzia. Ibaiak garbi mantentzearen garrantziaz sentsibilizatzeko kanpainaren barruan, herriko ikastetxeetako ikasleek garbitu izan dituzte ibaiak orain arte; aurten, berriz, herritar talde batekin jarri dira harremanetan, ibaien inguruko lanketa egiteko. 

Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko Ingurumen zinegotziak konpromisoa azaldu du Urola ibaia zaintzen jarraitzeko: "Ingurugiroa zaintzea ezinbestekoa da guretzat. Pauso garrantzitsua da urtero Urola ibaian egiten den ekintza, eta garrantzitsua izan da Ibaieder eta Errezil errekak garbitzea. Gure errekek eta ibaiek duten errealitatearen aurrean jarri gaituzte datuek". Ildo horretatik, Bereziartuak nabarmendu du "guztion ardura" dela ibaiak garbi mantentzea, eta azpimarratu du horretarako neurririk egokiena bakoitza norbere hondakinez arduratzea dela.

Burdin-sareak, pronto

Urola ibaia hondakinetatik babesteko burdin-sareak jartzen hasi zen udala 2019. urtean, herritar talde batek eskatuta. Erakundeak esan duenez, dagoeneko eskatutako herriko gune guztietan jarri dituzte sarexkak; guztira, 1.100 metro ezarri dituzte herri osoan zehar. Bestalde, sentsibilizazio kanpaina ere martxan du udalak; herriko ikastetxeetan hitzaldiak ematen eta bideo-erreportajeak erakusten ari dira, ikasleak ibaien egoeraz ohartarazteko.