Koronabirusa Azpeitian

Lau positibo zenbatu dituzte herrian

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 2a, 13:53

Intzidentzia tasak jaisten jarraitu du, eta 100.000 biztanleko 431,75 da gaur, urriaren 5etik izan den txikiena. Eskualdean ere jaitsiera nabarmena izan du positiboen kopuruak: 22 atzeman zituzten astelehenean, eta hamalau izan ziren atzo.

Koronabirusak ez du atsedenik ematen, baina azken egunak lasaiagoak izaten ari dira behintzat. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen arabera, atzo lau positibo baieztatu zituzten herrian, eta 30 izan dira azken astean atzemandakoak. Intzidentzia tasak jaisten jarraitu du, eta 100.000 biztanleko 431,75 da gaur. Pixkanaka bada ere, argi gorriak pizten diren 500eko langa horretatik urruntzen ari da.    

Eskualdean ere, datu baikorrak. Astelehenean 22 positibo baieztatu zituen Osasun Sailak, eta hamalau izan ziren atzo. Azpeitiko laurez gain, bost zenbatu zituzten Zarautzen, bi Zumaian, eta bana Getarian, Orion eta Zestoan. Azkoitian, Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zuten kasurik atzeman izan atzo.

Hego Euskal Herrian, gora

Hego Euskal Herrian, ostera, bezperan baino positibo gehiago zenbatu zituzten atzo. Araban (101), Bizkaian (257) eta Gipuzkoan (195) ugaritu egin ziren positiboak; Nafarroan, aldiz, bezperan baino zazpi gutxiago atzeman zituzten, 62 hain zuzen.

Araban, Bizaian eta Gipuzkoan 8.938 PCR eta antigeno test egin zituzten guztira, eta horietatik %6,3k eman zuten positibo. Positibotasun tasa apur bat igo egin da, beraz.

Erietxeei dagokionez, beste 41 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 362 lagun zeuden hiru lurraldeetako erietxeetako plantetan. Horiez gain, beste 129 lagun zeuden Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU); bezperan baino bi gutxiago.