Miren Gorrotxategi: "Irakurleek pentsamolde irekiarekin joan behar dute filma ikustera"

Anartz Izagirre 2020ko abe. 4a, 09:00
Miren Gorrotxategi.

Hil kanpaiak filma eskainiko dute datozen egunetan Soreasun, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil liburuan oinarritutako lana. Gorrotxategik dioenez, bere istorioaren egokitzapena pantaila handian ikustea "gailurrera iristea" izan da. Astelehenean, hilak 7, Imanol Rayo zuzendariarekin batera solasaldia eskainiko du, filma bukatu ostean, Soreasun.

  • Bost urte igaro dira Agustin Zubikarai beka irabazi zenuenetik. Ordutik, 33 ezkil liburua ez ezik, Hil kanpaiak filma ere etorri da. Nola sentitzen zara?

Beka hura jasotzea sari handia izan zen niretzat; nire proiektu bat argitaratzea neurri handi batean amets bat betetzea izan da. Liburua argitaratzetik film bat egingo zutela pentsatzea... imajinatu ere ez nuen egiten halakorik. Burutik pasatzen ez diren kontuak dira.

  • Zure lehen eleberria izan da, eta publikatu bezain laster jarri ziren zurekin harremanetan, filma egin nahi zutela esateko. Nolakoa izan zen hori?

Joanes Urkixo filmeko gidoilaria jarri zen nirekin harremanetan, eta hark esan zidan zerbait ikusi zuela nobelan. Azaldu zidan istorioa pantaila handira eramateko aukera ikusten zuela, eta buruan zituela zein izan zitezkeen filmaren ekoizleak eta zuzendaria. Aurrerago jakin dut nobela osoa oraindik ere bukatu gabe zuenean egin zidala proposamena. Lehen bilera Azpeitian egin nuen Urkixorekin eta haren lantaldearekin, beraiein ideiak zeintzun ziren jakiteko. Galdetu zidaten ea askatasunik ematen al nien 33 ezkil liburuaren zinemako egokitzapena egiteko, eta baietz esan nien.

  • Hain zuzen ere, Imanol Rayoren zuzendaritzapean, Joanes Urkixo gidoilaria izan da nobelaren zinemarako adaptazioa egin duena. Zuk parte hartu al duzu prozesuan?

Ez. Dena den, prozesuan zehar harremanetan egon dira nirekin; gidoiaren hainbat bertsio izan dira, eta nire iritzia galdetu didate horien inguruan. Grabaketetan ere egon nintzen, Beran [Nafarroa]; han, aktoreak eta zuzendaria ezagutzeko aukera izan nuen, baita haien lan egiteko modua ere.

  • Zure osabak Oñatz auzoan burezur bat topatu zuen; hori izan zen nobela idaztera bultzatu zintuen gertakaria. Nolakoa da zuretzat istorio hori pantaila handian ikustea?

Prozesu luzea izan da, eta istorioa zinean ikustea gailurrera iristea moduko zerbait izan da. Hala eta guztiz, ez zidan horrenbesteko inpresiorik egin filma zinean ikusteak. Aurrez gidoia zer-nolakoa zen banekien; niretzat deigarriena grabaketa egunak izan ziren. Ikaragarria da ikustea Oñazko gertaera hartatik sortutako burutazio haietatik zein tamainatako proiektua jarri zuten martxan.

  • Filmeko pertsonaiek ba al dute zerikusirik zuk liburua idazterakoan buruan zenituen pertsonaiekin?

Egokitzapena denez, filmeko istorioa ere desberdina da, baina esango nuke giroa eta pertsonaiak fidel islatuta daudela. Ia ez dago deskribapen fisikorik liburuan; beraz, alde horretatik askatasuna zuten nolako pertsonaiak ziren erabakitzeko. Izaerak, ordea, oso ondo islatuta daudela iruditzen zait.

  • Euskal Herriko aktore ezagunenetariko batzuek gorpuztu dituzte pertsonaiak. Galdetu al zizuten pertsonaien nolakotasunaren inguruan?

Aktoreekin grabaketa egunetan izan nuen lehen harremana, eta orduan aritu ginen pertsonaien inguruan hitz egiten. Bestalde, elkarrizketetan-eta irakurri dut Imanolek [Rayo] aktoreei esan ziela espreski 33 ezkil ez irakurtzeko, filma liburuaren interpretazio librea zelako.

  • Gainontzean, aldaketa handiak sumatzen al dituzu liburuaren eta filmaren artean?

Bai. Filmaren lehen erdia liburuaren antzekoa da, baina une batetik aurrera asko aldatzen da; Hil kanpaiak tragikoagoa eta ilunagoa da. Irakurleek pentsamolde irekiarekin joan behar dute filma ikustera, eta alderaketak saihestu, oso ezberdinak baitira bi istorioak.

  • Dagoeneko ikusgai dago filma zinema aretoetan, eta Donostia Zinemaldian aurrestreinatu zuten. Zer-nolako harrera izan zuen?

Ikusleei oro har asko gustatu zitzaien filma, eta kritikoen aldetik ere iruzkinak positiboak izan dira. Beharbada filma ez da publiko orokorrarentzat egokiena, ezaugarri oso zehatzak baititu, baina ondo funtzionatzen du hainbat arrazoirengatik: aktoreek sekulako lana egiten dute, argazkigintza aldetik ere oso ederra da eta soinu banda hunkigarria du. Thriller oso berezia da; isiltasunetan eta esangabekoetan asko kontatzen du.