Koronabirusaren krisiak baldintzatutako aurrekontuak onartu ditu udalak 2021erako

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 2a, 11:16
2021eko aurrekontuak onartzeko bozketaren unea.

Aho batez onartu dituzte datorren urterako kontuak. Aurrekontu bateratua hazi egingo den arren, txikiagoa izango da udalaren aurrekontu propioa: 763.000 euro gutxiago izango ditu gastatzeko. Inbertsioak gizarte zerbitzuetan eta ekonomia sustatzeko egingo dituzte; Hirigintzan, aldiz, nabarmen murriztu dute aurrekontua.

Azpeitiko Udalak onartu du 2021erako aurrekontua. Atzo, abenduko ohiko udalbatzarrean, Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren ordezkariek eta oposizioan diren EAJkoek aho batez onartu zituzten hastear den urterako udal kontuak. Aurrekontu bateratua –udalaren aurrekontua, Euskara Patronatuarena, Kirol Patronatuarena eta Azpeitia Berritzenena barne hartzen dituena– 2020an baino handiagoa izango da: 29.836.874,02 euro. Aldiz, udalaren aurrekontu propioa aurtengoa baino murritzagoa izango da datorren urtean: 19.482.829,02 euro.

Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasuneko eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak aurkeztu zituzten aurrekontu berriaren xehetasunak, eta "egoera zaila" hizpide izan zuten biek behin eta berriz. Izan ere, koronabirusaren pandemiak ekarri duen krisiak baldintzatutako aurrekontuak dira atzo onartutakoak. Gipuzkoako Foru Aldundiak udalak finantzatzeko duen foru funtsetik %5 gutxiago jasoko du datorren urtean Azpeitiko Udalak. 763.000 euro gutxiago izango ditu gastatzeko, eta murrizketa hori kontuan hartuta moldatu dituzte kontu berriak. Horrela, besteak beste, irigintzarekin lotutako inbertsio berriak izoztuta geldituko dira datorren urtean, eta puskatean behintzat ospatzeko modurik izango ez den festetara bideratutako diru poltsa ere aurreko urteetakoa baino askoz txikiagoa izango da.

"Herritarren zerbitzura"

"Oso momentu zaila bizi dugu, berezia. Askotan aipatzen dugu egoera honetatik denok elkarrekin atera behar garela, eta ezinbestekoa dela udala, herritarrak eta herriko eragileak elkarlanean aritzea. Uste dut aurrekontuak aho batez onartzea pauso oso garrantzitsua dela bide horretan. Aurrekontu hauek azpeitiarrak gogoan ditugula osatu ditugu. Jabetzen gara COVID-19aren eraginez azpeitiar asko egoera zailean aurkitzen direla, eta aurrekontu hauek udalaren baliabideak, baliabide publikoak, behar gehien dituzten herritarren zerbitzura jartzeko tresna bat dira". Mezu hori eman zuen Alkortak atzo, aurrekontuak bozkatu eta aho batez onartu ostean.

Datorren urteko aurrekontuak "Azpeitiarentzako anbiziotsuak eta onak" direla uste du alkateak, eta horiek osatzeko "ahalegin berezia" egin dutela esan zuen sarrerakoan, pandemiak ekarritako egoera bera "zaila" delako. Udal barruan zein kanpoan "denen ekarpenak jasotzen eta kontuan izaten" saiatu da Udal Gobernua, alkatearen esanetan. Aurten baino diru gutxiago izango du udalak gastatzeko 2021ean, baina "dauden beharrek gora" egin dute. "Lehentasunak ezartzea ezinbestekoa" izan dutela azaldu zuen Alkortak, eta lehentasun horiek "argi" izan dituztela: gizarte babesa eta ekonomia sustatzea. Ekonomia sustatzeko laguntzetara aurten 400.000 euro bideratu dituztela ekarri zuen gogora.

Egungo errealitateari aurre egitea ez ezik, aurrera begirako plangintzak ere ez ditu baztertu nahi udalak, alkateak atzo argitu zuenez. Onartu berri dituzten aurrekontuak eta Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa izango dira udalaren lanerako ildoak: "Argi daukagu momentuko beharrei erantzun behar diegula, horretarako ardura daukagu. Baina ezin dugu galdu etorkizuneko Azpeitia eraikitzeko perspektiba". Udal Gobernua "herritarren zerbitzura" dagoela aipatu zuen beste behin Alkortak: "Azpeitiarren arazoak gure arazoak dira. Aurrekontu hau osatu dugu inor atzean utzi gabe, denok batera, Azpeitia eraikitzen jarraitzeko".

Inbertsioak, gizarte eta ekonomia beharrentzat

2021erako aurrekontuaren xehetasun batzuk aletu zituen Goenagak. Hasteko, diru sarreren beherakadari eta gastu berriei aurre egin beharrak jarri dizkieten "zailtasunak" aipatu zituen batzordeburuak. Diru sarrerei dagokienez, "ezegonkortasuna eta ezjakintasuna nagusi diren egoera honetan aurreikuspenak egitea oso zaila" dela azaldu zuen, aurreikuspen horiek "zuhurtzia handiz" egin dituztela gaineratuz. Sarrera gutxiagorekin, "ezohiko egoeran, ezohiko behar gehiago" izateak gastuen aurreikuspena ere zaildu duela gaineratu zuen.

Sarreren eta gastuen arteko oreka bermatzeko, "hainbat partida orokorretan doikuntzak" egin dituzte, batetik, eta Hirigintzako inbertsioen atalean "jaitsierak aplikatu" dituzte, bestetik. "Ez da inbertsio handietarako garaia", Goenagaren hitzetan. "Herritarren behar sozial eta ekonomikoei erantzuteko garaia dela uste dugu, herritarren egunerokoa hobetu, erraztu, eta herritarren bizi kalitatean eragingo duten proiektuen garaia".

Horrela, behar sozialak eta behar ekonomikoak dira aurrekontuak osatzeko ezarri dituzten lehentasunak. Ogasuneko eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua da Goenaga, eta bigarren departamentu hori "azken urteetan indartzen joan" dela nabarmendu zuen, "herritarren beharrek hala eskatu dutelako, eta benetako justizia sozialean sinesten dugulako ere bai". Bilakaera demografikoaren eraginez gero eta ugariagoak diren adinekoentzako zerbitzuak eta gizarte larrialdietarako dirulaguntzak izango dira 2021ean ere Gizarte Zerbitzuen lan ildo nagusiak. Udalak adinekoentzako zerbitzuak eta azpiegiturak "indartzen jarraituko" duela esan zuen Goenagak, eta "prebentzioan inbertitzea ere garrantzitsua" dela gehitu zuen. Datuak eman zituen batzordeburuak atzo. Gaur egun, udalaren etxez etxeko zerbitzua baliatzen dute herriko 130 familiak. 314 familiak, berriz, jaso dute aurten Eusko Jaurlaritzak eman baina Azpeitian udalak osatzen duen gizarte larrialdietarako dirulaguntza. Azarora arte, 362.000 euro bideratu ditu udalak laguntza horietara, eta 2021eko aurrekontuan beste 382.000 euro aurreikusi dituzte laguntza horiek osatzeko. Orain arteko lan ildo horieki batera, datorren urtean pobreziaren gaineko azterketa bat egitea nahi du udalak, berrikuntza gisara. "Momentu ona izan daitekeela uste dugu, herriko errealitatearen datu objektiboak edukitzea inportantea delako gauzatzen ari garen ibilbidea benetan egokia al den ala aldaketak egin behar al diren ikusteko, eta oraingo krisiak zer eragin izan dezakeen jakiteko ere bai".

Ekonomia indartzen laguntzeko neurriei dagokienez, ekonomia sustatzeko dirulaguntzak izango dira 2021ean ere udalaren tresna nagusia. 2012an eman zituen udalak lehen aldiz laguntza horiek, eta harrezkero "bere fruituak eman dituztela erakutsi" dutela deritzo Goenagak. Datorren urtean, laguntza horiek indartzea izango da udalaren "apustua". Hala ere, osasun krisiak berekin ekarri duen krisi ekonomikoaren bilakaera aurreikustea "zaila" dela nabarmendu zuen batzordeburuak, eta langabeziaren datuak azken hilabeteetan izan dituen gorabeherak aipatu zituen adibide gisara; urriko azken datuen arabera, %9,3koa da langabezia Azpeitian. "2020an hartu diren ezohiko neurrien artean, Sustapen Ekonomikorako Plan Integrala egin du udalak, eta horren barruan, diru gehiago jarri zuen sustapen ekonomikoaren partidan. Eskaera asko egon dira, 102, eta orain ari gara horiek aztertzen. Jarri dugun diruarekin, espero dugu eskaera guztiei erantzutera iristea", azaldu zuen Goenagak eta gaineratu zuen aurten izandako eskaera horiek kontuan hartuta osatu dutela arlo horretarako 2021erako partida: 400.000 eurora igo dute.

Aurten martxan jarri duten lur industrialen lanketarekin jarraituko dute 2021ean ere Ekonomia sailean: Landetako plan berezia egin ahal izateko 50.000 euroko partida berria jarri dute aurrekontuan.

Gainerako departamentuetan egin dituzten doikuntzen artean, Festen sailaren aurrekontuaren jaitsiera nabarmendu zuen Goenagak. "Ez dakigu 2021eko ekainean nola egongo garen. Dakiguna da urtearen hasieran, behintzat, ez garela egoera normal batean egongo. Badakigu festa batzuk ez ditugula antolatuko eta, ondorioz, diru gutxiago beharko dela. Urtea aurrea joan ahala, espero baino lehenago hasten bagara ekintzak antolatzen eta urtearen bukaerara jarritako diruarekin iristen ez bagara, berrezarriko ditugu lehentasunak. Baina gaur-gaurkoz ez dala posible eta ez dauka zentzurik 2020. urte hasierako aurreikuspen berdinak egiteak".

Hirigintza da aurrekontuan jaitsiera handia izango duen beste saila. Inbertsio handi berririk gabe, irisgarritasuna hobetzeko lanak izango dira eskuhartze nagusiak arlo horretan: anbulatorio ondoko zubia egokitzeko lanen bigarren eta azken fasea, Arana Goikorako igogailua, eta Garmendi auzoko 9. eta 13. atariak egokitzeko eta bidegorriarekin lotzeko proiektuak aipatu zituen Goenagak egitasmo nagusi gisara.

Gainerako sailetan "aurrekontuak ez jaistea, mantentzea edota, behar baldin bada, igotzea" izan da aurrekontuak osatzerakoan izan duten "erronka potoloa", Ogasuneko batzordeburuaren esanetan. Kirol azpiegituretako irisgarritasuna hobetzeko azterketa egingo dute eta Soreasuko sormen guneko musikaren eremua garatzen hasiko dira, besteak beste.

EAJ, "pozik"

EAJk Udal Gobernuak 2021eko aurrekontua osatzeko ezarritako lehentasunekin "bat egiten" duela esan zuen Amaia Etxeberria oposizioko bozeramaileak. Horregatik, eta jeltzaleek egindako ekarpen batzuk "kontuan hartu" dituztelako, oposizioko ordezkariek ere aurrekontuaren aldeko botoa eman zuten atzo.

Udalbatzarraren ondoren hedabideei helarazitako oharrean, "pozik" agertu da EAJren udal taldea datorren urterako osatu diren aurrekontuekin, eta aurrekontuan sartu dituzten beren proposamenak zein kanpoan gelditu direnak azaldu dituzte. Igerilekuan irisgarritasuna hobetzeko proiektua da aurrekontuetan txertatu duten EAJren proposamenetako bat, "oso garrantzitsua", udal oposizioko taldearentzat. Kultur eta turismo arloan egindako proposamen batzuk ere jaso dituzte aurrekontuan. San Inazio zauritu zuteneko 500. urteurrena izango da 2021ean, eta santuaren erromesaldiaren 500. urteurrena, berriz, 2022an. "Urtemuga garrantzitsu horietan hainbat ekimen egiteko diru kantitate bat gordetzea lortu" dutela azaldu dute EAJkoek. Turismoa eta kultura uztartuz, berriz, Alde Zaharreko hainbat eraikin historikoetan "mural artistikoak" jartzeko proiektua ere jaso dute aurrekontuetan.

Aurrekontuetatik at gelditu diren beren proposamenei dagokienez, bi aipatu dituzte jeltzaleek: autokarabanentzako gunea Goenatik "beste toki batera" eramatea, eta Esklabetako ezker hegaleko eraikinarentzat aurkeztu zuten proposamena.

2021eko udal aurrekontuak

Azpeitiko Udalaren 2021eko aurrekontu bateratua: 29.836.874,02 euro (2020an: 25.837.143 euro).

Udalaren aurrekontu propioa: 19.482.829,02 euro (2020an: 20.246.218 euro).

Euskara Patronatua: 736.030,16 euro (2020an: 642.812,84 euro).

Kirol Patronatua: 1.466.654,0 (2020an: 1.443.073,39 euro).

Azpeitia Berritzen: 9.512.545 (2020an: 4.509.325 euro).

Udalaren sailen aurrekontuak:

  • Ogasuna eta Kontuak: 396.895 euro (2020an: 476.556,85 euro).
  • Hirigintza eta Ingurumena: 1.345.000 euro (2020an: 2.152.000 euro).
  • Hezkuntza eta Euskara: 1.047.819 euro (2020an: 1.002.712, 84 euro).
  • Kultura eta Gazteria: 1.097.400 euro (2020an: 1.000.000 euro).
  • Kirola: 1.196.654 euro (2020an: 922.973,39 euro).
  • Gizarte Zerbitzuak: 2.129.976 euro (2020an: 2.101.976 euro).
  • Langileria eta Antolakuntza: 6.136.764 euro (2020an: 5.856.794,20 euro).
  • Festak: 279.000 euro (2020an: 549.000 euro).
  • Zerbitzu Orokorrak: 4.028.340 euro (2020an: 3.893.479,53 euro).
  • Alkatetza: 296.000 euro (2020an: 441.000 euro).
  • Ekonomoa, Enplegua eta Formazioa: 1.085.978 euro (2020an: 1.317.725,21 euro).
  • Parekidetasuna: 192.000 euro (2020an: 202.000 euro).
  • Baserriak: 251.000 euro (2020an: 331.000 euro).