Koronabirusa Azpeitian

Intzidentzia tasa 500etik jaitsi da Azpeitian, urriaren 6tik lehen aldiz

Amaia Urbieta 2020ko abe. 1a, 13:50

491,53n kokatu zen atzo 100.000 biztanleko azken hamalau egunetan metatutako positiboen datua. Horrenbestez, COVID-19aren eragina neurtzeko ezarrita duten larritasun mailan gorritik laranjara pasatu da herria. Atzo lau positibo berri zenbatu zituen Osasun Sailak.

Ia hilabete eta gero, 500etik jaitsi da COVID-19aren 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia metatuaren tasa Azpeitian. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur zabaldu duen txostenaren arabera, atzo 491,53 zen tasa hori. Intzidentzia tasa 500dik gora mantendu da herrian urri hasieratik; hil horren 6an zenbatu zuten atzo arte azken aldiz 500dik beherako kopurua (332,12). PCR eta antigeno probetan lau positibo berri atzeman zituzten atzo Azpeitian, aurreko astelehenean baino bi gehiago; azken zazpi egunetan, guztira 34 positibo zenbatu dituzte.

Gaitzaren hedapenaren bigarren oldarraldia beheranzko bidean doa, mantso bada ere. Horrenbestez, erakundeek koronabirusaren eragina neurtzeko ezarrita duten larritasun mailan gorritik laranjara pasatu da herrian. Tasak oso altua izaten jarraitzen du, hala ere.

Eskualdean ere egonkortzen

Urola Kosta eskualdean ere egonkortzen ari da koronabirusaren eragina. 22 kasu berri atzeman zituzten atzo eskualdean; hain zuzen ere, duela astebete atzemandako kopuru bera. Duela aste batzuetatik hona jaitsiera nabarmena izan da eta, azken egunetan, zifrek mantentzera edo jaistera egin dute.

Azpeitiarekin batera, Zarautz da argi laranja duen eskualdeko beste herria. Aurreko astelehenean jaitsi zen hango intzidentzia tasa 500etik, eta azken datuen arabera, 381,96ko intzidentzia tasa du orain. Gertuago dago, beraz, argi horitik, gorritik baino. Sei kasu berri atzeman zituzten atzo Zarautzen, aurreko astelehenean baino bat gehiago, eta azken egunetako joerarekin alderatuta, altuxeagoa da atzo atzemandako positibo berrien kopurua herri horretan ere.

Zumaiaren kasuan, duela aste batzuk ia 2.000ko intzidentzia tasa izatetik, 162,85ekoa izatera igaro da. Dena den, azken aste osoan gehienez ere kasu bakarra atzeman dute egunero, eta atzo hiru izan ziren atzemandako kasu berriak. 

Txanponaren beste aldean daude Azkoitia eta Orio. Biek ala biek semaforo gorrian jarraitzen dute.  Bi kasu atzeman zituzten atzo Orion, duela astebeteko kopuru bera; Azkoitian, berriz, bost izan dira zenbatutako kasu berriak. Duela astebe atzemandako 11 kasuen aldean zifra baxua bada ere, intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du: 750,69.

5.000 biztanletik beherako eskualdeko herriei dagokienez, apalak dira oso horietan atzemandako kasu berriak: Getarian eta Zestoan kasu bana zenbatu dute, eta gainontzeko herrietan ez da egon positibo berririk.

Positibotasun tasa eta ospitaleratzeak, behera

Hego Euskal Herrian 10.145 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 555ek eman zuten positibo. Azken datuen arabera, positibotasun tasa puntu bat baino gehiago jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; %6,9tik %5,6ra. Nafarroan, berriz are baxuagoa da tasa: %4,8. Bizkaian 222 kasu baieztatu zituzten atzo, Gipuzkoan 186, Araban 71 eta Nafarroan 69.

Gaur-gaurkoz, koronabirusarekin lotutako arrazoiengatik 371 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; horietatik 131 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Atzo 42 ospitaleratze berri izan baziren ere, ospitalean dagoen jende kopuruak nabarmen egin du behera, atzo 418 baitziren ospitaleratuak.