Klik!

Soka ez da eten

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 13a, 10:00

Premietxeberri baserriko sendia ganaduzalea da, eta urteak daramatza limusinak hazten eta Idiazabal gazta egiten. Denbora asko eskatzen duen lana den arren, belaunaliz belaunaldi eutsi diote ogibideari. 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian Premietxeberrikoekin osatu dugu Klik! argazki erreportajea.

Belaunaldiz belaunaldi

Premietxeberri baserriko Felix eta Bixente Agirre anaiek urte askotako tradizioari eutsi zioten. Haien gurasoak baserritik bizi ziren; abeltzaintzan eta soroan lanean aritzen ziren. 80ko hamarkadarako, Felixek eta Bixentek oso garbi zuten baserritik bizitzen jarraitu nahi zutela, eta une hartan zegoenari heldu zioten. Hasieran, esnetarako behiak eta ardi latxak zituzten, baina pixkanaka, ardiaren esnearekin gazta gehiago egiten hasi ziren. Haien pausoak jarraitu ditu Itxaso Agirrek.

Artzaintza

Azken urteetan, abeltzaintzan, artzaintzan eta gaztagintzan aritu dira Itxasoren aita Bixente, ama Roxa eta osaba Felix. Odria auzoan dago Premietxeberri baserria, eta ardiek etxe inguruko larreetan bazkatzen dute urte guztian zehar.

Gustuko lana

Itxasok umetatik lagundu izan du baserriko lanetan, gustuko duen zeregina baita. Ikasketak bukau zituenean, Gipuzkoako Latxadunen Elkartean hasi zen lanean, eta bederatzi urte inguru egin zituen han, 2016an ama izan zen arte. Amatasun baimena bukatu ondoren erabaki zuen etxean gaztagintzan laguntzen hastea, elkartean zuen lanpostua utzita. Artaldearekin laguntzen zuen, gazta egin, prestatu, saldu... eta umea ondoan zuela. Orain, Itxasoren alaba gustura ibiltzen da ardi artean.

Abeltzaintza

90eko hamarkadan erabaki zuten esnetarako behiak kendu eta haragitarako limusin arrazako behiak haztea, baita ardi latxari eta gaztagintzari denbora gehiago eskaintzea ere. Izan ere, esnetarako behiekin eta gaztagintzarekin jarraitzeak lan gehiegi eskatzen zien. Behiekin jarraitzea garrantzitsua zen senideentzat, "etxe inguruko larreak eta lurrak ondo zaintzeko, abereek bertan bazkatzeko eta baserria ahalik eta errentagarriena izateko, etxeko belarrak aprobetxatuta". Haien arabera, behiek eta ardiek larreak elkarbanatzeak larreen osasuna hobetzen du.

Larre zabalak eta paraje ederrak

Baserritik minutu batzuetara dituzten zelai zabal eta aldapatsuetan bazkatzen dute behiek urtean zehar. Haragitarako behiak dira, eta genealogia onena duten zezenak hazten saiatzen dira. "Animalia gehienak bizitarako saltzen saiatzen gara. Euskal Herriko eta Espainiako edozein lurraldetara saltzen ditugu umeak, beste abeltzainak euren animaliak hobetzen joan daitezen. Bizirik saltzen ez dena eta etxerako bada, hiltegira eramaten dugu", azaldu du Itxasok.

Emakumea eta ama

Itxaso Agirrek lau urteko alaba eta bost hilabeteko seme bikiak ditu, eta aitortu du une hauetan ez zaiola oso erraza egiten baserriko lanetan aritzea. "Amatasun baimena bukatu zait, baina ia ezinezkoa da lanak egitea eta umeak zaintzea. Baserriko lana ordu askotako lana da, eta asteko zazpi egunetan egin beharrekoa", dio.

Gaztagintza

Azaro amaieran edo abendu hasieran hasten dira gazta egiten Premietxeberrin, eta uztailaren hasieran, sanferminetarako, amaitzen dute ekoizpena. Ondoren, biltegian jasotzen dituzte egindako piezak, eta urte osoan zehar saltzen dituzte askotariko saltokietan eta hainbat herritako azoketan.

Premietxeberriko babesean

Egungo egoeran lan egitea "oso zaila" den arren, etxekoen laguntzarekin eta langile bat hartuta gaztak egiten jarraitzeko asmoa dute. Egoerara moldatu nahi du Itxasok, zaintzari garrantzia handia ematen baitio. "Niretzat haurren zaintza oso garrantzitsua da, eta nire umeak neuk zaindu eta hazi nahi ditut".

Mimoz egindako lana

Etxean hazitako ardi latxei ateratako esne gordinarekin ekoizten dute Premietxeberri gazta. Itxaso Agirrek uste du ardiek baserri ondoko larreetan bazkatzeak eta esnearen garbitasuna zaintzeak egiten duela berezi beren gazta. Agirrek mimoz zaintzen ditu detaile guzti-guztiak: ardien zaintza, jezteko unea, gazta egiteko prozesua nahiz ondorena. Atsegin duen lana da, eta oraingoz, behintzat, horretan jarraitzeko asmoa du.