Euskaraldia 2020

Basakabiko lagunek Azpeitian estreinatu dute ikuskizun berria

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 29a, 20:00

Goazen 7.0 Kontzertua-ren bi emanaldi izan dira gaur arratsaldean Soreasu antzokian. Euskaraldiaren barruko ekitaldia izan da, eta Azpeitiko Euskaraldiaren talde sustatzaileak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatu dute.

Euskaraldiaren bigarren edizioa badoa aurrera, eta baita haren bueltan herrian antolatu dituzten ekitaldiak ere. Gaur arratsaldean gaztetxoen txanda izan da; Azpeitiko Euskaraldiaren talde sustatzailearen eta Kulturaz kooperatibaren elkarlanari esker, Goazen 7.0 Kontzertua bertatik bertara ikusteko aukera izan dute Soreasu antzokian. Eta ez dute hutsik egin. Bi emanaldi antolatu zituzten, 17:00etarako lehendabizikoa eta 19:00etarako bigarrena, eta ordu gutxian agortu zituzten bietarako sarrerak. Goazen 7.0 Kontzertua ikuskizunaren estreinaldia izan da gaurkoa.

Ostiralean, Mikel Urdangarin

Abenduaren 4an, Euskaraldia bukatuko den egun berean, Mikel Urdaingarinek Izurdeen lekua diskoa aurkezteko kontzertua emango du Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Kontzertu horretarako sarrerak ere agortuta daude dagoeneko.