Zetak eta Belako taldeen kontzertuak iragarri ditu Kulturazek

Anartz Izagirre 2020ko aza. 29a, 11:00
Pello Reparaz Zetak taldeko abeslaria. (IƱaki Gozategi)

Abenduaren 23an izango da Sanagustinen Zetaken kontzertua, baina sarrerak agortuta daude dagoeneko. Belako, berriz, urtarrilaren 2an igoko da Soreasu antzokiko agertokira; oraindik ere eskura daitezke sarrerak.

Datozen hilabeteetan hainbat kultur ekitaldi izango da Azpeitian, eta Kulturaz kooperatibak bi kontzertu berri iragarri ditu: Zetak eta Belako taldeen kontzertuak. Zetak talde nafarrak abenduaren 23an eskainiko du kontzertua Sanagustin kulturgunean, baina sarrera guztiak agortu dira dagoeneko. Mungiarrak, berriz, urtarrilaren 2an igoko dira Soreasu antzokiko agertokira, eta honako lotura honetan eros daitezke sarrerak.

Zetak ezagun bihurtu da Euskal Herrian denbora tarte laburrean, batez ere duela hilabete batzuk plazaratu zuten Zeinen ederra izango den kantaren arrakastaren ondorioz. Abesti horretaz gain, Zetak diskoko beste hainbat kantu abestuko dituzte Sanagustinen. Belako taldea, aldiz, ibilbide luzeagoa duen taldea da; 2011. urtean hasi zuten beren ibilbidea, eta ordutik hainbat emanaldi eskaini dituzte Euskal Herrian zein nazioartean. Plastic drama da beraien azken diskoa, eta lan berriko abestiak zein gainontzeko diskoetakoak joko dituzte Soreasun.

Hona hemen Belako taldearen Sirene abestiaren bideoklipa: