Euskaraldia 2020

Banatu dituzte Euskaraldiko bertso paper lehiaketaren sariak

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 28a, 16:00
Oier Etxeberria eta Odei Labiano, eskuetan saria dutela, gaur eguerdian Azpeitiko udaletxean egin duten ekitaldian.

Erniarraitzeko kideek osatutako epaimahaiak ebatzi du Odei Labianok eta Oier Etxeberriak aurkeztutako lanak izan direla onenak, eta irabazleek 100 euroko bonu bana jaso dute Bertanen eskutik, merkatari elkarteko dendetan gastatzeko. Euskaraldiaren barruan antolatu dituzten ekimenetako bat izan da bertso paper sariketa.

Euskaraldiaren barruan egin duten bertso paper lehiaketaren sariak banatu dituzte gaur eguerdian udaletxean. Odei Labiano eta Oier Etxeberria izan dira sarituak, eta haiez gain, ekitaldian parte hartu dute Imanol Amiano Euskaraldiaren Azpeitiko koordinatzaileak, Haritz Etxeberria Erniarraitzeko kideak, Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak eta Ainara Larrañaga eta Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko zinegotziak. 

Euskaraldiaren barruko ekimenetako bat izan da bertso paper lehiaketa, eta Euskaraldiko Azpeitiko batzordea eta Erniarraitz bertsozale elkartea arduratu dira hori antolatzeaz. Euskaraldia gai hartuta, bina bertso idatzi behar izan dituzte parte hartzaileak, bi mailatan banatuta: 17 urte arteko gazteentzat aurrena, eta hortik gorakoentzat bigarrena. Behin lanak aurkezteko epea bukatuta, Erniarraitzeko kideek osatutako epaimahaia izan da lanik onenak aukeratu dituena. Hain zuzen ere, Odei Labianok irabazi du 17 urtetik beherakoen saria, eta Oier Etxeberriak 17 urtetik gorakoena. Irabazleek 100 euroko erosketa bonu bana jaso dute Bertanen eskutik, merkatari elkarteko dendetan gastatzeko.

Eneritz Albizu udaleko Euskara zinegotziak eskerrak eman dizkie ekitaldian parte hartu duten guztiei, eta batez ere Erniarraitz eta Bertan elkarteei, bertso paper sariketa eta Euskaraldia antolatzeko garaian egin duten lanagatik. Bi elkarteek herriarekiko duten jarrera nabarmendu du Albizuk, garai errazak ez diren arren, edozertan laguntzeko prest egoten direlako beti .    

Labiano eta Etxeberria pozik azaldu dira lehiaketa irabazi dutelako, eta ekitaldian parte hartu dutenen aurrean erakutsi dute, bertsoak idazten ez ezik, kantatzen ere badakitela.