Koronabirusa Azpeitian

Nerabetasuna lapurtu die pandemiak

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 29a, 09:15

Nerabetasunak berekin dakar lagunekin egoteko gogoa, elkarri gauzak kontatzekoa, gauza berriak egiteko grina, kalera irten eta jende berria ezagutzekoa, elkarrekin txorakeriak egitekoa... Pandemiak goitik behera aldatu du jendearen egunerokotasuna, baina zer esanik ez nerabeena. Pandemia aurretik dozenaka gazte elkartzen zen Azpeitiko Gaztelekuan, hori baitzen haien aterpeetako bat. Orain, Gaztelekuko aforoa mugatuta dago, eta gehienez hamabost pertsona sar daitezke une berean. Azken hilabeteek nola eragin dieten eta nola bizi izan dituzten ezagutzeko asmoz, hainbat gazterekin elkartu da Uztarria.eus Gaztelekuan. 

Asteburuaren atarian, ostiral arratsaldez, hurbildu da Uztarria Azpeitiko Gaztelekura. Koronabirusaren pandemia aurretik nekez ikusiko zen horrelakorik Gaztelekuan: isiltasuna, eta gazterik ez. Futbolina eta besaulkiak hutsik. COVID-19aren hedapena saihesteko neurriak tarteko, mugatuta dago Gaztelekuko sarrera, eta bertara joateko txanda hartu behar da aurrez. Pixkanaka-pixkanaka, hainbat gazte hurbildu da bertara, Uztarriarekin hitzordua baitute. Azken hilabeteetan bizitakoaz eta sentitutakoaz aritu dira solasean. 

"Hamabost egun etxean egon behar genuela esan zigutenean, pentsatzen genuen ez ginela horretarako gai izango. Baina azkenerako uste baino askoz hobeto moldatu gara", diote. Ondo moldatu izanak, ordea, ez du esan nahi egoera "gustura" hartu dutenik. Izan ere, itxialdiak eta horren bueltan ezarritako neurriek "bizitzako arlo guztietan" eragin dietela pentsatzen dute. Harremanez eta harremantzeko moduez galdetuta, batzuk diote aldaketak "nabarmenak" izan direla; beste batzuek, aldiz, ez dute aldaketa handirik ikusten. "Zenbait kuadrilla banandu egin dira, eta pandemiak izan du eraginik horretan. Denok elkarrekin egoteko aukera oso gutxi izan dugu, eta horrek asko hoztu ditu harremanak", dio gazteetako batek. "Lagunekin egoteko aukera gutxiago ditugu, baina nire inguruan, behintzat, ez dut aldaketa nabarmenik ikusi", kontatu du beste batek. Dena den, harremantzeko moduak aldatu direla esaterakoan denak bat datoz. Horren harira, mugikorren erabilera "ikaragarri" hazi dela diote. "Itxialdian asko igo zen mugikorren eta sare sozialen erabilera. Ia guztiok pantaila aurrean igarotzen genuen eguna, sare sozialetan ibiltzen edo bideodeiak egiten. Hori zen lagunekin egoteko eta hitz egiteko modu bakarra. Hasieran, ordu pila bat ematen genuen bideodeiak egiten, baina denborak aurrera egin bezala geroz eta gutxiago egiten genituen", kontatu dute. Lagunekin bertatik bertara egoteko ezintasuna tarteko, mugikorren erabilera "beharrezkoa" bihurtu dela pentsatzen dute gehienek, orain ez baitute elkarrekin egoteko ia aukerarik. Hala ere, pentsatzen dute itxialdi garaian jendeak pantailekin "pasatu" egin zela, eta gehiegizko erabilera eman zietela mugikorrei, telebistei eta ordenagailuari. "Zenbaitek hamar ordutik gora ematen zituzten pantaila aurrean, sare sozialetan edo Play Stationean jolasten eta telebista ikusten. Gauez, ordu txikitan, ere bai", kontatu dute gazteek. "Eta aipatzekoa da eskolako lanak egiteko ere lau ordu inguruz ordenagailu aurrean egon behar genuela", gaineratu du beste batek. 

Nerabeen iritziko, beraietaz ahaztu ziren itxialdi garaian. Horrela sentitu zuten, behintzat. Haiek diote haurrek, helduek, adinekoek... kalera ateratzeko ordutegia eta baimena zutenean, nerabeek ez zutela kalera ateratzeko aukerarik. "Umeentzat ordutegia zegoen, helduentzat ere bai, baina guk ez geneukan kalera ateratzeko aukerarik, gurasoekin ez baldin bazen". 

Itxialdi garaiaren oroitzapen "onak" dituztela diote, nahiz eta "une txarrak" ere bizi izan zituzten. "Baziren egun batzuk bakarrik egon nahi eta ezin genuena. Gurasoekin egoteak hori zuen, bakarrik egoteko leku falta. Intimitate falta". Hala ere, denek azpimarratu dute itxialdiari esker gurasoekin eta familiarekin gehiago egoteko aprobetxatu dutela. "Hori ere ederra izan da", diote. 

Eskolan hogeitik gora, Gaztelekuan hamabost

Itxialditik irtetean ez dute lehengo egoerara hurbiltzen den ezer aurkitu. Lokalak giltzapetuta, Gaztelekua itxita, kirol entrenamenduak eta lehiaketak bertan behera... Herriko nerabeek lagunekin lasai egoteko lekurik ez dutela sentitzen dute, eta horrek "noraezean" utzi dituela diote. "Badirudi gurekin ahaztu direla", adierazi dute. "Kalean bueltaka ibiltzen gara, baina lekurik ez dugula sentitzen dugu. Lagunekin elkartutakoan, Eroski saltokiaren parkinean egon izan gara, baina handik ere bota egiten gaituzte", diote. Horri lotuta, kuadrillatik kanpoko jendearekin egoteko dituzten zailtasunak izan dituzte hizpide. "Lehen Gaztelekuan adin guztietako gazteak elkartzen ginen, eskola eta kuadrilla ezberdinetakoak. Elkar ezagutzeko eta elkarrekin barre egiteko aukera genuen. Izugarrizko giroa egoten zen hemen. Lasai etortzen ginen, nahi genuenean nahi genuenarekin egotera. Orain, aldiz, ordua hartu behar da aurrez, eta gehienez hamabost lagun elkartu gaitezke bertan", azaldu dute. Horrek "pena" ematen diete.

Gaztelekuan fenomeno "berezi" bat ere agertu da itxialditik bueltan: zenbait gaztek berriro konfinatzeko gogoa dutela diote. Uztarriarekin elkartu direnek ez dute horrelakorik nahi, baina esan dute badirela hori pentsatzen duten gazteak. "Horren arrazoia izan daiteke kalean aurkitu dutena ez dela lehen aurkituko zutena", azaldu du Gaztelekuko hezitzaileak. 

 

Azken boladan etxetik eskolara eta eskolatik etxera ibili dira, eta horrek ere nekea eragin die nerabeei. Gainera, badira ulertzen ez dituzten hainbat gauza. "Ezin dugu ulertu eskolako ikasgeletan hogeitik gora lagun garela, zenbaitetan hogeitamar inguru, eta Gaztelekuan hamabost soilik sar gaitezkeela. Ez du zentzurik. Ikasgelak askoz ere txikiagoak dira, eta elkarren ondoan egon behar izaten dugu", adierazi dute. Horren harira, nerabeetako batek gogoratu du beren ikastetxean ikasleek protesta egin izan dutela neurri horien kontra, eta horrelako salaketak "oso ondo" ikusten ditu "zenbait neurrik zentzurik ez baitute". 

Ikastetxeetako egoeraz eta hezkuntza eremuan izandako aldaketaz galdetuta, askotariko iritziak dituzte. Azaldu dute "oso gaizki" eraman dutela eskolak etxetik jaso beharra. "Itxialditik okerrena hori izan da", dio batek. Beste batzuek ez dute "horren gaizki" eraman, baina inork ez du atsegin esperientzia hori. Gainera, eskolak etxetik jasota “askoz ere gutxiago” ikasten dutela aitortu dute, eta denak ados ez dauden arren, zenbaitek esan du eskola presentzialek denbora gehiago eskatzen duten arren, gehiago ikasten dela, eta nahiago dituela. Halaber, eskola presentzialik ez izateak bakarkako lanak sustatzen duela diote. "Ikastetxean ohikoak izaten ziren talde lanak eta taldeko aurkezpenak. Orain, aldiz, ez dugu talde lanik egiten, eta ia lan guztiak bakarka egin beharrekoak dira", kontatu dute. 

Aisialdia, mugatuta

"Aurreneko parrandak egiten hasita zeundeten, asteburuetan kalera ateratzen eta jendearekin egoten. Orain ezin duzue parrandarik egin. Nola daramazue hori?", galdetu die Gaztelekuko hezitzaileak nerabeei konfiantzan, eta haiek erantzun: "Tira, inork ezin du parrandarik egin eta hauxe da dagoena...". Hala ere, barre artean, nabarmendu dute badutela parranda egiteko gogoa eta jendearekin egotekoa. 

Taldean kirolik egin ezin izanak eta lagunekin kalean lasai egon ezin izanak nekatuta dauzka nerabeak. Horregatik, agintariei zer eskatuko zieten galdetuta horrela erantzun dute: "Ez kentzeko kirol konpetizioak. Guk ezin dugu ez entrenatu ez partidarik jokatu, eta profesionalek, aldiz, dena lasai egin dezakete. Zer zentzu du horrek? Edo are okerrago, arratsaldeko zazpietan kalera atera gaitezke baina 22:00etan ez. Uler dezakegu kutsatzeak tabernetan ematen badira horiek ixtea, baina ez du zentzurik kalean ezin egoteak". Horri lotuta, Gaztelekuko aforoa handitzeko ere eskatu dute, lasaitasunez lagunekin egoteko aukera izan dezaten.  

Etorkizuna "beltza" ikusten dute, baina esperantzarik ez zaie falta. Horregatik, nerabetasuna lapurtu dieten arren, nerabezaroa osorik lapurtuko ez dietela espero dute, dagokien garaian garaikoa bizi eta ezagutu ahal izateko.