Erreportajea

Amaren omenez, askoren onerako

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 9a, 08:41
Txaro Juaristi. (Mailo Oiarzabal)

Emili arropa marka sortu du Txaro Juaristik (Azpeitia, 1959), janzteko zailtasunak dituzten eta besteren laguntza behar duten pertsonei zuzenduta. Berak bizitako esperientziatik abiatuta bururatu zitzaion ideia, eta gauzatzea lortu du. 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian azaldu ditu xehetasunak.

Zaila da aurreikustea bizitzaren gorabeherek zer norabidetara bultza gaitzaketen. Esaldi horren zentzua ondo ulertzen du Txaro Juaristik (Azpeitia, 1959). Duela urte batzuk esan izan baliote jantzigintza marka bat sortuko zuela, ez zuen seguruenez sinetsiko. Baina sortu du, eta Emili du izena, bere ama zenaren omenez.

Jantzigintza proiektuari amaren izena ematea ez da besterik gabeko hautua izan Juaristirentzat. Izan ere, amarekin bizitakotik jaio zen beregan behar bati erantzun egokia ematearen interesa. Beren kabuz jantzi eta erantzi ezin duten eta eginkizun horietarako beste pertsona baten laguntza behar dutenei zuzendutako arropak diseinatu eta sortu ditu Juaristik Emili markaren barruan. "Oso zaila izaten da pertsona horiek janztea; alde bat erraz janzten da, baina beste aldea janztea oso konplikatua izaten da, besoak-eta mugitzeko zailtasun handiak izaten dituztelako", kontatu du Juaristik, beraren eta etxekoen esperientzia gogoan.

Amarekin, "arropa zabal eta eroso bila" ibiltzen zirela gogoratu du, eta "kapak eta horrelakoak, burutik sartu eta mahukak janztea eskatzen ez zutenak" topatzen zituztela. Egunean bizpahirutan egitea egokitu daitekeen zerbaitek, janzteak eta eranzteak, pertsona horien kasuan "estres handia" eragin dezakeela azaldu du, "bai mendekotasuna duen pertsonarentzat, bai zaintzailearentzat". Estres eta tentsio iturri hori arintzen laguntzeko arropa behar dutenen eskura jartzea dago, hain zuzen, Emili markaren oinarrian, eta horretan hasi da azpeitiarra.

"Momentuz”, emakumeentzat pentsatutako blusak sortu ditu. Bi modelorekin abiatu du marka, eta lepoko diseinua alde batera utzita, biek dute egitura bera: sorbaldetatik eskumuturretaraino irekitzen eta ixten diren mahukak dituzte Emili markako blusek, belkroak erabiliz. Bi modelo horiek oinarri hartuta, kolore eta estanpatu ezberdinak aukeran dituzte erabiltzaileek; sei, guztira. Jantzi "biziak" sortu nahi izan dituela azpimarratu du Juaristik: "Loredunak, forma geometrikoekin... Animoa pizteko arropa izatea nahi izan dugu, mendekotasuna duten pertsonentzat propio sortutako jantziak egokiak izateaz gain, politak ere izan daitezela". Aurrera begira, gizonezkoentzako alkandorak ere atera nahi ditu Juaristik.

(Ainara Garcia)

Eginez ikasten

Amarekin ikusi zuen Juaristik pontxoak eta kapak ez zirela falta merkatuan, baina askoz zailagoa zela mugikortasuna mugatuta zutenentzako blusa egokiak aurkitzea. "Ez genuen
ezer topatzen. Puntuzko jantziak aurkitzea errazagoa izaten zen, baina orain sortu dugun produktu hau bezalakorik ez genuen topatzen".

Zailtasun horiek ez zituen alde batera utzi Juaristik ama hil ondoren; buruan bueltaka zerabiltzan kontuak ziren. Berak eta etxekoek aurkitu ezin izan zuten jantzi mota hori nolakoa izan behar zen irudikatzen jarraitu zuen, zein sistema izan zitekeen egokiena –"kremailerak, zintak, belkroak..."– aztertzen. Eta halako batean, bidea egiten hasi zen. "Ideia aspalditik neukan buruan, baina 2019ko Aste Santuan hasi nintzen gauzatzen. Oporrak aprobetxatzea erabaki nuen proiektuarekin hasteko", azaldu du. "Ideiarik ez. Zero". Horixe da, azpeitiarren hitzetan, proiektua martxan jartzea erabaki zuenean jantzigintzan zuen esperientzia. Psikologoa da Juaristi, hori du ogibidea, eta urteak daramatza lanean Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan.

Iaz ematen hasi zen lehen pausoak azaldu ditu Emiliren sortzaileak: "Nik ideia neukan, eta horrekin zer egin nezakeen pentsatzen ari nintzen. Horrela, jostun batengana joan nintzen eta zer nahi nuen esplikatu nion. Oihala eman nion, eta hark egin zuen lehen eredua. Eredu harekin joan nintzen Iraurgi Berritzenera [eskualdeko garapen agentzia] eta han azaldu nuen zein zen nire asmoa. Gustatu egin zitzaien ideia eta aurrera egitera animatu ninduten".

Eginez ari da ikasten Juaristi. Gogoratu du, esaterako, "pieza gutxi batzuk" ateratzea zela bere hasierako asmoa. Patroigile batengana jo zuen asmo horrekin, eta hark beste hiru eredu berri egin zizkion. "Haiek atera nituen baina, noski, neurri ezberdinetako blusak egin behar dituzu, eta tailajea ere atera beharra zegoen. Nik kontu horietaz ez neukan arrastorik, eta ikasten joan nintzen: lehendabizi, baten batek patroi bat egin behar zidala; gero, patroiaren gainean neurriak egin behar zirela; tailak egin ondoren, etiketatua beharko nuela... Gauza pila bat behar zirela ikusi nuen. Bat egiten nuen, eta 'ai ama, orain beste hau', eta gero bestea, eta gero... Beti zegoen egiteko beste zeozer". Bidean, baina, "asko lagundu" dion "jende on asko" aurkitu duela aitortu du. Patroiak Azkoitian, tailajea Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eta jantzien ekoizpena Bizkaian egiten dizkiote. Oihalak, berriz, Madrildik ekartzen ditu.

(Ainara Garcia)

Harrera ona

Ikasten, eta ikasitakoaren arabera erabakiak hartzen joan da Juaristi. Besteak beste, mozketa eta josketa lanak "era industrialean" egitearen abantailaren alde egin du, eta bi prozesu horiek enpresa banarekin egiten ari da. Uneotan Emilik eskaintzen dituen bi blusa modeloen 70 bat pieza ditu eginak. Jantzien ekoizpenari lotutako lanik handienek eta "gogorrenek" joan den udaberriko konfinamendu garaiarekin bat egin zutela ekarri du gogora Juaristik. Beraz, distantziatik jarraitu behar izan zuen prozesu hori. "Mozketa, josketa... horiek denak konfinamendu garaian egin zituzten. Nik ez nuen ezer ikusi, ezin nintzen gainean egon, telefonoz bakarrik". Ekainaren bukaera arte ez zuen eskuetan eduki azpeitiarrak bere proiektuaren lehen emaitza: "Kezka baneukan: zertan ariko ote dira, zer iritsiko ote zait. Baina, emaitza ikusi nuenean, ezusteko oso polita hartu nuen, oso gustura gelditu nintzen".

Orain arte Emili blusak probatu dituztenen harrera "oso ona" izan dela dio jantzigileak. "Denek esan dute asko gustatu zaizkiela, oso praktikoak direla, eta behar zela produktu hau". Bere proiektua eta produktua ezagutarazten dabil Juaristi azken hilabeteetan, eta gustura dago lortzen ari den oihartzunarekin. Uztailaren hasieran jarri zituen salgai lehen piezak, baina zabalkundea gerora hasi da egiten, uda ostean. Ahoz aho, sare sozialen zein komunikabideen bidez, "jende asko" ari da Emili ezagutzen; prestatzen ari den webgune berria martxan jarritakoan produktuaren zabalkundea areagotzea espero du azpeitiarrak, eta Interneteko plataforma hori salmentetarako baliatzea ere bai.

Etxekoen laguntzarik eta babesik ez du falta izan Juaristik Emili sortzeko eta martxan jartzeko prozesuan. Bere lanarekin tartekatuz egin du orain arteko bide guztia, horrela jarraitzen du, "presarik gabe, baina gelditu gabe"; hala ere, ez da bakarrik ari. Seme-alabek "asko laguntzen" diote, esaterako, markaren zabalkunderako behar dituen tresnak kudeatzen, "nik ez dut-eta asko menperatzen kontu hori". Anai-arrebek proiektuari egindako harrera ere izugarri eskertzen du azpeitiarrak. "Hasieratik gustatu zitzaien ideia, eta aurrera jarraitzera animatu ninduten. Horrek poz handia eman zidan, azken finean, gure amaren omenez delako".

(Ainara Garcia)