Hainbat lagunek parte hartu dute zaintzaren inguruko jardunaldietan

Anartz Izagirre 2020ko aza. 27a, 16:57
Mahai inguruan parte hartu duten ordezkariak. (Irauli Zaintza)

Irauli Zaintza plataformak antolatuta, zaintzaren alorreko adituen solasaldiak eta mahai-inguruak izan dira gaur, ostirala, Urola Erdiko Mankomunitatearen areto nagusian.

Zaintza izan dute hizpide hainbat lagunek gaur, ostirala, Urola Erdiko Mankomunitatearen areto nagusian; izan ere, jardunaldiak izan dira Irauli Zaintza plataformak antolatuta. 09:30ean egin dute harrera, eta goizean zehar hainbat adituk eman dute solasaldia; besteak beste, Pilares Fundazioko Ana Garciak, Iñaki Lasagabaster EHUko zuzenbideko katedradunak eta Yolanda Jubeto EHUko ekonomialari feministak.

Atsedenaren ostean, berriz, zaintza duinen eta pertsonen autonomiaren aldeko gizarte erakundeen mahai-ingurua izan da. Honako hauek izan dira solasaldian: Pentsionistak Martxan taldeko Ion Fano, Egoiliarren familiarren elkarteko Xabi Pierrudes, Malen Etxea zaintzaile etorkinen elkarteko Silvia Carrizo, Olatukoop. Ekonomia Sozial Eraldatzaileen Kooperatibako Beñat Irasuegi, ONEKAko Arantza Corrales eta Gipuzkoako Pentsionistak taldeko Maritxu Serrano.

(Argazkiak: Irauli Zaintza)